Gizartea -
Irunen (Gipuzkoa)
Telebista bota dio auto bati, jabearekin eztabaida izan ondoren
Erasoaren ondorioz, kalte handiak izan ditu ibilgailuak. Antza, aurretik jabearekin eztabaida izan zuen atxilotuak, Irungo taberna batean.
Erredakzioa
Ertzaintzak 22 urteko gazte bat atxilotu du bart Irunen, telebista aparailu bat ibilgailu baten kontra botatzea leporatuta. Erasoaren ondorioz, kalte handiak izan ditu autoak. Antza, aurretik ibilgailuaren jabearekin eztabaida izan zuen atxilotuak.
Gertaera goizaldeko 3:30etan izan da. Ordu horretan, Ertzaintza Irungo Alde Zaharrera joan da, auto bat apurtzen ari zirela ohartarazteko dei bat jaso duenean.
Ibilgailuaren gainean zaborratik hartutako telebista aparailu bat jaurtiki dutela ikusi dute ertzainek. Erasotzaileak autoaren beirak eta karrozeria apurtu egin ditu.
Autoaren jabea ondoko taberna bateko langilea da. Minutu batzuk lehenago gazte batekin tabernan bertan liskar bat izan zuenez, Ertzaintzari gizonaren deskribapena eman dio biktimak. Poliziak berehala aurkitu du gaztea, ondoko diskoteka batean, eta atxilotu egin dute.