Gizartea -

Epaia

Nafarroak 1,2 milioi ordainduko dio tetraplegiko geratu zen ziklistari

Auzitegi Gorenaren epaiaren arabera, errepideko zulo baten eraginez erorita geratu baitzen tetraplegiko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak baieztatu egin du Nafarroako Gobernuak 1,2 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko diola txirrindulari bati, errepideko zulo baten eraginez erori eta tetraplegiko geratu zena.

Administrazioarekiko Auzietarako Salak ez du onartu Zurich Insurance PLC aseguru-etxeak eta Foru Gobernuak jarritako kasazio-errekurtsoak; ondorioz, berretsi egiten du Nafarroako Auzitegi Nagusiak esandakoa.

Aipatutako administrazio-ebazpenean, iritzi zion errepidean zegoen zuloak eragin zuela istripua; dena den, aintzat hartu zuen ere lesioak jasan zituen ziklistaren jarrera arduragabea, baimenduta zegoen abiadura baino azkarrago zihoalako.

Horregatik guztiagatik, administrazioak kalte-ordainak jasotzeko zuen eskubidea aitortu zion txirrindulariari, alabaina erdira murriztu zuen ordaindu beharreko kopurua.

Aitzitik, Auzitegi Gorenaren aburuz, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiarekin bat etorrita, zuloa izan zen istripua eragin zuena, eta errepidea ondo egotearen ardura duen Administrazioaren erantzukizuna ikusten du.

Ezbeharra 2009ko ekainaren 24an jazo zen Ibañeta mendatea jaistean (Luzaidetik gertu).

Txirrindularia beste kide batekin batera zihoan, eta bizikletaren kontrola galdu zuen zuloaren gainetik igaro ostean. Horren eraginez, erori eta zauri larriak izan zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua