Gizartea -
Germanwings
Mediku batek Andreas Lubitz psikiatrikoan sartzea gomendatu zuen
Germanwings konpainiaren hegaldiari buruzko ikerketako txostenak pilotuen gaineko kontrola areagotzea eskatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Sendagile pribatu batek Andreas Lubitz pilotu alemaniarra ospitale psikiatriko batean sartzea gomendatu zuen Germanwings konpainiako Airbus 320 hegazkina Alpeetan erorarazi baino bi aste lehenago. Ezbehar horretan 150 pertsona hil ziren (horietako 50 espainiarrak). Horrela jakinarazi dute gaur Parisen plazaratu duten txostenean, 2015eko martxoaren 24an jazo zen gertaeratik urtebetera.
Frantziako Abiazio Zibileko Segurtasuna Ikertzen eta Aztertzen duen Bulegoak (BEA, frantsesez) gaur bertan plazaratu duen behin betiko txostenean azaldu duenez, Lubitzek 2014ko abenduan dagoeneko bazituela "jazoera psikotiko-depresibo" batekin bat zetozen sintomak. Hainbat medikurengana jo zuela esan dute, baina bat berak ere ez ziela gertaeraren berri eman agintariei.
"Istripuaren egunean, kopilotuak ez zuen hegaz egin behar, bere sendagileak emandako gomendioen arabera. Araudia jarraitu izan bazuen, Lupitzek berak bere burua ez gaitzat jo behar izan zuen eta ordezkapena eskatu", azaldu du Arnaud Desjardin BAEko ikerketaburuak. Fiskalek jakin ahal izan dutenaren arabera, Lubitzek bere buruaz beste egiteko moduen gainean ikertu zuen, bere nagusiei gaixotasuna ezkutatu zien, eta, gainera, ikusteko arazoak ere bazituen.
Era berean, aipatutako guztia segurtasun publikoaren gaineko mehatxuak txosten medikuen konfidentzialtasunarekin gatazkan sartzen diren kasuetarako "Alemaniako araudian jarraibide garbirik ez egotea" gaineratu behar zaiola dio txostenak bere ondorioetan.
Kontrol gehiago
BEAk istripua nahita gertatu zela baieztatu eta pilotuen gaineko mediku-kontrola areago dadila eskatu du.
Ikerketaren azken txostenak honako hauek aipatzen ditu: Andreas Lubitzek depresioa zuela, nahita aldatu zituela pilotu automatikoaren ezarpenak hegazkinak behera egin zezan, eta ez ziela kontroladoreen deiei eta kabinako atean jotako kolpeei erantzun.
BEAk txosten horretan, besteak beste, eskatzen du aurrekari psikologikoak edota psikiatrikoak dituzten pilotuei mediku-jarraipena egitea, eta "oreka hobea egon dadila" mediku-sekretuaren eta segurtasun publikoaren artean.
Erakundearen aburuz, arau argiagoak behar dira mediku-sekretua noiz eten daitekeen jakiteko; izan ere, jabetu dira zenbait espezialistek bazutela Lubitzen nahasmenduen eta lanbidearen berri, alabaina ez zioten eman informazio horren berri aeronautikako agintariei edota haren enpresari.
Horregatik, arrazoi-medikuengatik eragindako lizentzia-galtzeak dakartzan arrisku sozioekonomikoak arintzeko neurriak martxan jartzeko eskatu dio operadoreei.