Gizartea -

Ustezko homizidioa

Mutil bat atxilotu dute Agurainen bere amona hil duelakoan

Rodolfo Ares Herrizaingo salburuak baieztatu duenez, atxilotutakoak (19 urtekoa) "zigor aurrekariak" ditu, eta badirudi "gatazkatia" dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 19 urteko mutil bat atxilotu du gaur goizaldean Agurainen (Araba), bere amona (91 urtekoa) hiltzea egotzita. Andrea hilik topatu zuten ordu batzuk lehenago, eta gorpuak indarkeria zantzuak zituen.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Radio Euskadin baieztatu duenez, atxilotutakoak "zigor aurrekariak" ditu eta badirudi pertsona "gatazkatia" dela.

Aipatu iturrien arabera, 21:45ean aipatu herriko etxebizitza batera joateko eskatu zioten Ertzaintzari, emakumezko baten gorpua aurkitu baitzuten. Medikuek zehaztu zutenez, andreak arma zuriz egindako zauriak zituen.

Patruila batzuk hara bertaratu ziren, eta ikerketa hasi zuten gertatutakoa argitzeko. Hori horrela, 00:35ean inguru, agenteek 19 urteko mutil bat atxilotu zuten, hilketarekin zerikusia duelakoan.

Emakumearen gorpua Gasteizko Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute.

Gazte liskartia

Aguraineko auzokideak harrituta eta atsekabetuta agertu dira gertatutakoa jakin ostean.

Hildakoaren lau semeetako bat etxebizitza berean bizi zen; kazetariekin hitz egin du oso nahigabeturik gertatutakoagatik.

Dirudienez, paseo bat ematen zegoen gertakaria izan denean eta etxera itzuli denean, gauean, auzokideak aurkitu ditu bere etxe barruan. "Haiek aurkitu dute hilda", adierazi du.

19 urteko gaztea ezaguna zen herrian. Auzokide batek drogekin zuen arazoari egotzi dio gertatutakoa: "Mutil jatorra zen, baina beti drogaturik zebilen".

"Duela bi urte ere Gasteizen atxilotu egin zuten beste tipo batzuekin batera, emakume bati zorroa indarrez tira eginda lapurtzen saiatzeagatik", dio Aguraineko beste bizilagun batek.

91 urteko andrearen beste seme bat, ustezko hiltzailearen osaba, harrituta agertu da gertatutakoagatik. "Ez nuen ezer susmatzen", ziurtatu du. "Nire ustez ez zituzten inolako eztabaidarik", esan du amama eta ilobaren arteko harremanengatik galdetuta, "horregatik uzten zion etxean sartzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea