Gizartea -
Operazioa
Lau atxilotu Gipuzkoan laguntzak jasotzeko agiriak faltsutzea egotzita
Atxilotuetako batek ustez 5.612 euro kobratu ditu Gipuzkoako Aldundiaren eskutik, iruzurra eginez lortutako erroldatze-ziurtagiri bat erabilita.
E. Lotina | eitb.eus
Polizia Nazionalak lau pertsona atxilotu ditu Gipuzkoan, agiriak faltsutzea, iruzurra eta atzerritarren eskubideak urratzea leporatuta. Diru-laguntzak edo bizitzeko baimenak lortzeko, erroldatze-ziurtagiriak ustez legez kanpo eskuratzen zituzten, Barne Ministerioak gaur agiri batean jakitera eman duenez.
Atxilotuek zeregin ezberdinak zituzten sarean. Batek atzerritar bat bere etxean biziko balitz bezala izena ematen zuen bitartean (nahiz eta hala ez izan), beste batzuek bitartekari lanak egiten zituzten, hirugarren batek erroldatze-ziurtagiria legez kanpo lortzeko.
Ondoren ziurtagiri hori diru-laguntzen iruzurra egiteko edo bizitzeko baimena eskuratzeko erabiltzen zuten.
Atxilotuetako batek ustez 5.612 euro kobratu zituen Gipuzkoako Aldundiaren eskutik, iruzurra eginez lortutako erroldatze-ziurtagiri bat erabilita.
Operazioak zabalik jarraitzen du eta ez dituzte atxiloketa gehiago baztertu.