Gizartea -

Bizkaia

Galdakaon desagertutako agurearen gorpua aurkitu dute ibaian

Ertzaintzak Ibaizabalen topatu du 79 urteko gizonezkoa hilda. Salaketa senide batek jarri zuen atzo.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak Ibaizabal ibaian aurkitu du atzotik desagertuta zegoen Galdakaoko 79 urteko gizonezkoaren gorpua, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Salaketa desagertuaren iloba batek jarri zuen atzo. Izan ere, agurearen etxera joan zen goizean eta gizona ez zegoen bertan. Ostiraletik ez zuten haren berri izan eta etxetik nortasun agiririk gabe atera zela ikusi zuten. Arratsaldean, etxera itzuli ez zela ikusita, Galdakaoko Udaltzaingoari abisua ematea erabaki zuen, eta horrek Ertzaintzari jakinarazi zion.

Hala, Ertzaintzaren eta Galdakaoko Udaltzaingoaren patruilek agurearen bizilekuaren ingurua miatu zuten zenbait orduz, baina ez zuten gizona aurkitu. Ospitaleetan ere galdetu zuten badaezpada ere.

Gaur goizeko bederatzietan berriro hasi dira bilaketa lanak Galdakaoko Mercadillo auzoan, Ertzaintzaren bilaketarako talde guztien parte hartzearekin eta ordu erdi geroago, 09:30etan, agurearen gorpua topatu dute Ibaizabaleko ur gainean, Mercadillo auzoko zubiaren parean.

Oraindik ez dakite zerk eragin duen agurearen heriotza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea