Gizartea -
Done Jakue bidea
5.800 euro kobratuko dizkiete Nafarroan erreskatatutako erromesei
Neguan debekatuta dagoen bide batean sartu ziren bi erromesak, eta erreskatatu behar izan zituzten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernuko Barne Kontseilaritzak erreskatea kobratuko die joan den astean salbatu behar izan zituzten bi erromes brasildarrei. Hain zuzen ere, 5.360 euroko faktura igorriko dio emakumeari, eta 450 eurokoa gizonari.
Foru Gobernuak jakinarazi duenez, emakumea erreskatatzeko helikoptero bat erabili behar izan zuten, eta 11 pertsonak lan egin behar izan zuten 12 orduz. Gizonaren kasuan, lurreko ibilgailu bat erabili zuten, eta lau pertsona aritu ziren hiru orduz.
Faktura horretan ez dizkiete gaineratu osasun zerbitzuak eta helikoptero medikalizatuaren erabilerak eragindako kostuak, horiek Osasun Kontseilaritzak fakturatuko baitizkie.
Erromesak Ibañeta inguruan erreskatatu zituzten, Done Jakue bidean. Donibane Garazitik sartu ziren Nafarroan, neguan debekatuta dagoen bide bat erabilita.
Babes Zibilaren esanetan, hori egin izana "arduragabekeria" izan zen.