Gizartea -

Araban

Kalamua uzteko programa berria jarri du martxan Osakidetzak

Ekimen honen bitartez, droga hauen kontsumo datuak gutxiagotu nahi ditu EAEko Osasun Zerbitzuak. 10.000 euskal gaztek egunero kontsumitzen dute kalamua, Osakidetzak iragarritako datuen arabera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kalamuarekin arazoak dauzkaten 14 eta 18 urte arteko gazteak laguntzeko helburuarekin programa aitzindaria jarri du martxan Osakidetzak Araban.

Ekimen honen bitartez, droga hauen kontsumo datuak gutxiagotu nahi ditu EAEko Osasun Zerbitzuak. 10.000 euskal gaztek egunero kontsumitzen dute cannabis-a, Osakidetzak iragarritako datuen arabera.

Izan ere, 15 eta 19 urteko bost gazte bakoitzetik batek cannabis-a kontsumitu du azken hilabetean. Horrez gain, hamar gazte bakoitzetik batek egunero, edo ia egunero, kontsumitzen du.

Osakidetzak urtarrilean jarri zuen martxan egitasmoa, gazte hauek cannabisa, "eta beste droga batzuk" utz ditzaten. Ekimenak, "familia arteko erlazioak hobetzea" eta aisialdirako beste iharduera batzuk bultzatzea du helburu.

Estatu Batuetan frogatu egin dute cannabis-a uzteko sistema hau, eta orain Osakidetzak Gasteizen abiatu du. Arazoak dituen gaztearekin astean behin elkartzen dira zenbait aditu, baita gaztearen familiarekin ere.

Osakidetzaren ustez, familiak paper garrantzitsua jokatu behar du egitasmo honetan. Orotara 14 saio egiten dituzte arazoak dituen gaztearekin.

Horrela, gaztearekin eta gurasoekin hitz eginez, gazteak ohitura berriak hartzea landuko da, beste iharduera batzuk landuz: mendira joatea, zinera.

Egitasmo honen inguruko informazio lortzeko, 945 14 87 12 telefono zenbakia martxan jarri dute. Guztira 14 saio dira, eta zerbitzua doakoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea