Gizartea -
Joera
Eguraldi aldakorra Aste Santuan
Ostegunean eta ostiralean zertxobait bustiko du. Larunbatean, hego-ekialdeko haizea ibiliko da eta eguraldi lehorra izango dugu. Igandean, aldiz, tenperaturek behera egingo dute eta euria egingo du.
E.G | EiTB.EUS
Ostegun arratsalderako eguraldiak hobera egingo du. Goizean zirimiri pixka bat egingo du ipar isurialdean, bereziki Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean, eta zerua oso hodeitsu egongo da. Arratsaldean atertu eta ostarteak irekiko dira. Iparraldeko haizearekin jarraituko dugu, baina indarra galduko du, eta egun amaieran haize aldakor eta ahula izango dugu. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango, baina baliteke apur bat igotzea, Euskalmeten iragarpenaren arabera.
Ostiral goizean eguraldi nahiko argia izango dugu, nahiz eta tarteka zerua erdi mailako hodeiek eta goi-hodeiek partez estali. Egunak aurrera egin ahala hodeiak ugaritzen joango dira eta baliteke zerua estalita geratzea. Hala ere, ateri eutsiko dio. Goizaldean hotz egingo du, eta baliteke Araba eta Nafarroako zenbait lekutan termometroa 0 ºC-ra hurbiltzea, baina egunez poliki epelduko du, balio altuenak 15-18 ºC ingurukoak izango dira. Bestalde, haizerik ibiliko ez denez, giroa aurreko egunetan baino atseginagoa izango da.
Larunbatean, hego-ekialdeko haizea ibiliko da eta eguraldi lehorra eta argia izango da. Kostaldean tenperaturek 20 graduak gainditu ditzakete. Hala ere, eguneko azken orduan fronte bat helduko da.
Igandean eguraldi aldaketa nabarmena espero da. Tenperaturek behera egingo dute eta euria egingo du. Astelehenean, tenperaturek gora egingo dute berriro, eta eguraldiak orokorrean hobera egingo du.
Estaturako iragarpena
Aemet Estatuko Meteorologia Agentziak bitan zatitu du Aste Santurako egin duen iragarpena. Lehenengoan (ostegun eta ostiral), eguraldi egonkorra espero du; bigarrenean (larunbat eta igande), berriz, zaparradak eta tenperaturen jaitsiera.
Zehatzago esanda, Galizian eta Estatuko ipar-ekialdean kenduta, gainerakoan (Penintsulan eta Balearretan) egonkortasuna iragarri du ostegun eta ostiralerako. Kanarietan, zerua hodeitsu egongo da, eta euri txikia egin dezake iparraldean.
Larunbatean eta igandean, fronteak sartuko dira Atlantikotik, eta euria utz dezakete Galizian eta ipar partean. Mediterraneoan, baina, ez omen dute ondoriorik utziko. Kanarietan, aldaketarik ez.