Gizartea -

Zientzia

'Ununseptium' elementuak hutsune bat bete du taula periodikoan

Errusiako eta AEBetako zientzialari talde batek taula periodikoaren 117. elementua atzeman du historian lehen aldiz. Orain arte, 116. eta 118. elementuen artean zegoen lekua hutsik zegoen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zientzialari talde batek taula periodikoaren 117. elementua atzematea lortu du historian lehen aldiz, AEBetako Energia Departamenduko Oak Ridge laborategi nazionalak informatu duenez.

Aipatu elementua ez da existitzen naturan, eta oraingoz izena jarri ez badiote ere, ununseptium (117. zenbakia latineraz) izenaz ezagutzen dute ikerlariek.

Esperimentua Rubnako (Errusia) zientzialari batzuek egin dute, AEBetako ikerlariekin batera.

117. elementua sintetizatu ahal izateko, Berkelio-249 elementu sintetikoa hartu behar izan dute oinarri.

Hain zuzen ere, partikula azeleragailu batean kaltzio-48 (20 protoi eta 28 neutroi dituen isotopoa) eta Berkelio-249 (97 protoi eta 152 neutroi ditu) partikulak talkarazi dituzte, eta horren ondorioz 117 protoi dituen bi isotopo sortu dira.

Elementu berria 116. eta 118. elementuen artean kokatuta dago taula periodikoan, hau da, orain arte hutsik zegoen leku batean.

Horren pisu handia duten elementuak errediaktiboak izan ohi dira, eta ia berehala desagertzen dira. Adibidez, esperimentu honetan gehien biziraun duen ununseptium isotopoak 78 milisegundo baino ez du iraun desagertu arte.

Yuri Obanessian zientzialariak azaldu duenez, 117. elementuaren aurkikuntza "taula periodikoa osatzeko xedez hamarkada batez egindako bilaketa lanen amaiera" izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea