Gizartea -

Sutea Bilbon

Bi zauritu, bat oso larri, Poza kalean izandako sute batean

Emakume bat leihotik zintzilik zegoen erreskatatu dutenean. Beste bost pertsona artatu behar izan dituzte kea arnastu ondoren.

Sutea Poza kalean, Bilbon.
Sutea Poza kalean, Bilbon.
Bi zauritu, horietako bat oso larri, Bilbon izandako sute batean

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi emakume erreskatatu behar izan dituzte Bilboko Poza kalean izandako sutean. Biak Basurtuko ospitalera eraman dituzte, horietako bat oso larri. Biktima bat leihotik zintzilik zegoen erreskatatu dutenean. Zaurituak 70 urteko emakumea eta haren zaindaria dira.

Gainera, beste bost pertsona artatu behar izan dituzte kea arnastu ondoren, horietako bi, gizon eta emakume bat Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dituzte.

Sutea 09:40 aldera hasi da 16. zenbakiko laugarren solairuan. Sugarrek ke asko sortu dute eta badaezpada bizilagunak etxebizitzatik atera dituzte.

Bi emakumeak sua hasi den etxebizitzan bizi ziren, Bilboko Udaleko iturriek baieztatu dutenez.

Suhiltzaileen lau kamioi bertaratu dira. Suhiltzaileak heldu diren unean, sutea dagoeneko oso hedatuta zegoen. Emakumeetako bat eskailera batekin erreskatatu dute suhiltzaileek.

Suhiltzaileek lanean jarraitzen dute eta pertsona gehiago artatu behar izatea ez dute baztertu, iturrien arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Suteak gaur Gaurko azken ordukoa