Gizartea -

Eguraldia

Baliteke enbata izatea euskal kostaldean larunbat arratsaldean

Euskalmetek abisu horia eman du; izan ere, 19:00etatik aurrera, baliteke haizeak zakar aldatzea norabidea. Tenperaturak 7 gradu ere egin lezake behera ordubetean.

Getxoko portua, Juan Luis Albaizarren argazki batean.
Getxoko portua, Juan Luis Albaizarren argazki batean.
Getxoko portua, Juan Luis Albaizarren argazki batean.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak jakitera eman duenez, baliteke Aste Santuko larunbat honetan, martxoaren 26an, enbata izatea kostaldean. Agentziak Sarean emandako informazioaren arabera, haizeak zakar alda lezake norabidea, ipar-mendebaldera jota, eta boladak 60-80 km/h-koak ere izan litezke, Bizkaiko itsasaldean hasita. Ondorioz, tenperaturak 7 gradu ere egin lezake behera, ordubetean. Euskalmetek abisu horia eman du; arratsaldeko zazpietatik gaueko hamarretara izango da indarrean abisu hori.

Euskal Meteorologia Agentziak, baina, beste abisu batzuk ere emango ditu. Larunbatean beste bat izango da indarrean, maila horikoa hau ere, 17:00etatik 20:00etara arte; izan ere, gurera heltzen diren olatu handienen batez besteko altuera 2,5 metrokoa izango da. Igandean ere, abisu horia emango dute, berriro olatuengatik; egun osoan zehar, 3,5 metroko olatuak iritsiko dira kostaldera. Eragin handiena goizalderako espero du Euskalmetek, 5:00etatik 8:00etarako tarterako. Eta gauean, beste abisu bat, haizeagatik; mendi-inguruan eta itsasaldean, 100 km/h-ko ufadak ere jaso litezke.

Kasu guztietan, abisuak horiak dira; hau da, arrisku-maila txikienekoak.

Eguraldi-iragarpenari dagokionez, gaur, ostirala, atzo baino lainotuago dago; alabaina, arratsaldean eta gauean atertu eta ostarteak irekiko dira. Iparraldeko haizea sartuko da, eta egunaren amaieran hegoaldeko haizea nagusituko da. Nahiz eta hodei dezente izan, tenperatura igo egingo da eta balio altuenak 15-17 ºC artekoak izango dira.

Larunbatean, hegoaldeko haizea zakartu egingo da, eta, horren ondorioz, tenperatura nabarmen igoko da. Goizean, zerua hodei gutxirekin egongo da, baina eguerditik aurrera hodeiak ugaritzen joango dira. Gauean, zerua estalita geratuko da, eta euria egingo du. Eguerdi partean, hego-mendebaldeko haize-bolada zakarrak espero ditugu, bereziki mendebaldeko haizeguneetan. Arratsalde amaieran, haizeak bat-batean eta zakar ipar-mendebaldera egingo du, bolada gogorrekin, lehenengo Bizkaian eta gero gainerako tokietan. Tenperatura maximoak 20-22 ºC ingurukoak izango dira Kantaurialdean, eta zertxobait baxuagoak gainerako tokietan.

Igandean, dezente freskatuko du, baina euri gutxi espero da; goizaldean eta goizeko lehen orduetan soilik espero ditugu zaparrada batzuk. Gainerako orduetan, ostarte zabalak irekiko dira, bereziki eguerdi partean. Mendebaldeko eta hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta zakartu egingo da hego-mendebaldekoa gauean. Arratsaldean, ordea, kostaldean haizea aldakor eta ahul ibiliko da. Termometroa larunbatean baino 4-6 ºC beherago geratuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alerta meteorologikoak argazkiak Eguraldia argazkiak