Gizartea -

Kronika

A gripea, ahaztuta bere lehen urteurrenean

A gripeak 300 pertsona hil ditu azkenean, baina gripe ohiak 3.000 hiltzen ditu urtero.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilaren 23an urtebete beteko da Trinidad Jimenez Espainiako Gobernuko Osasun ministroak Mexikon zabaltzen ari zen gripe izurri baten berri jaso zuenetik, eta 12 hilabete hauetan munduko egunkari guztien portadan egotetik guztiz ahaztuta egotera pasatu da gaixotasuna.

Hasieran txerri gripea, ondoren gripe berria eta azkenean A gripea. Hiru izen ezerezean geratu den gaixotasun batentzat. Urte honetan 300 pertsona hil ditu, baina gripe arruntak 3.000 urtero.

Gaur egun, 8,6 pertsona daude kutsatuta 100.000 biztanleko, eta maila maiztasun handiena azaroan izan zen, 372,7 kasu 100.000 pertsonako.

Espainian A gripeak jota hil zen lehen eprtsona Dalilah Mimini 20 urteko marokoarra izan zen. Iazko ekainaren 30ean hil zen, Madrileko Gregorio Marañon ospitalean, aurreko egunean medikuek zesarea bat egin eta gero.

Haren semea, Rayan, ez zegoen birusak kutsatuta, baina hil egin zen handik eta egun batzuetara medikuen akats baten ondorioz, eta auziak polemika handia piztu zuen gizartean.

Espainiako eta Europar Batasuneko lehen kasua apirilaren 27an baieztatu zuen Jimenezek. Mexikotik bueltan etorri zen pertsona bat izan zen kutsatua, eta Almansan (Albacete) ospitaleratu behar izan zuten.Harrezkero, aireportuetako osasun neurri zorrotzak eta maskaren salmenta teletipo ugariren titularretan izan ziren.

Maiatzean oihartzun handia izan zuen beste albiste bat jazo zen. Garai gorretan, 600 soldadu berrogeialdian jarri zituzten Madrileko koartel batean, eta Osasun eta Defentsa ministroek agerraldia egin behar izan zuten Kongresuan.

Udan, birusa kanpamenduetatik hedatu zen, eta udazkenean kirolean eta guzti, Estudiantes (saskibaloia) eta Betis (futbola) taldeetako jokalarien artean, kasu.

Ondoren, tamiflu eta antibiralak izan ziren albisteetako protagonistan.

Gaixotasunaren ''ospe'' garaian txertoak izan ziren nagusi. Estatuan 3 milioi pertsonari jarri zieten txertoa, baina Gobernuak 6 milioi txerto ditu oraindik ere biltegian, erabili barik, haiekin zer egin erabaki zain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea