Gizartea -
Iragarpena
Giro aldakor eta epela, Pazko Astean
Ostarteak eta hodeiak espero dira orokorrean, baina ostegunean fronte bat iritsi eta euria egingo du.
EITB.EUS
Pazko Astea ahul samar sartuko den fronte batekin abiatu genuen atzo, eta horrek oraindik euri txikia utziko du gaur, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera.
Gaur hodeiak gailenduko dira eta noizean behin euri apur bat egin dezake. Bustitzeko aukera handiagoa izango da goizean, arratsaldean berriz, ateri egongo da eta ostarteak zabalduko dira. Hego-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da, baina arratsaldean tarteka iparra sartuko da kostaldean. Tenperaturan ez dugu aldaketa handirik espero behar.
Asteazkena udaberriko eguraldi ederrarekin dator, tenperaturak gora egingo du eta eguzki giroaz goza ahal izango dugu. Goizean zerua oskarbi egongo da eta hego-mendebaldeko haizearen laguntzarekin, tenperatura dezente igoko da eta ia denean 20 ºC-ren muga gaindituko dugu. Arratsaldeak aurrera egin ahala hodeiak ugarituko dira eta gauean lainotuko du. Arratsaldean eta kostaldean haizea nora ezean eta suabe ibiliko da.
Ostegunean nabarmen trakestuko da eguraldia, euri kontuak itzuliko direlako eta asko hoztuko duelako. Eguna lainopean eta bustitik igaroko dugu, baina zaparradak ugariagoak eta sarriagoak izango dira egunaren lehen zatian. Iparraldeko haize fina ibiliko da, bolada zakarrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperatura asko jaitsiko da eta beroenak asteazkenekoak baino 10 ºC baxuagoak izango dira. Arratsaldean elurraren maila 1200 m-ra jaitsiko da.
Ostiralean fronte horren ondorioak sumatuko ditugu oraindik, batez ere goizean. Eguerditik aurrera, hobera egingo du eguraldia. Zeruan ostarteak eta hodeiak tartekatuko dira. Tenperaturetan apenas egongo da aldaketarik, eta fresko antzean jarraituko dute, 8-12 ºC-ko maximoekin.
Larunbatean giro egonkorragoa espero da. Termometroek koska bat egingo dute gora, eta altuenak 15-18 ºC-koak izango dira. Igandean, berriz, fronte batek prezipitazioak eta tenperatura freskoak utziko ditu.