Gizartea -
Errolda
Paperik gabeko etorkinen berri emango dio Vicek Gobernu zentralari
"Prebarikatzea" saihesteko Udalak neurri hori hartzea erabaki duela azaldu du Viceko alkateordeak.
Erredakzioa
Viceko Udalak (Bartzelona) erroldatzen dituen paperik gabeko etorkinen berri emango dio Espainiako Gobernuak Katalunian duen Ordezkaritzari, "kasuz kasu" informatuz.
"Prebarikatzea" saihesteko Udalak neurri hori hartzea erabaki duela azaldu du Xavier Sola (CiU) Viceko alkateordeak, izan ere, fiskalen batek Udalaren kontra egin dezake Europar Batasuneko aginduak ez betetzeagatik.
"Espainiako agintariek legez kanpo diren etorkinen berri dutenean, egoera hori mantentzeko ez dira aske izango eta aberriratzeko prozedurak hasi edo herrialdean geratzeko eskubidea emateko izapideak hasi beharko dituzte", Cecilia Malmstrom EBko Barne komisarioak gaur adierazi duenez.
Alkatea
Malmstromek esandakoarekin pozik agertu da Josep Maria Vila d''Abadal (CiU) Viceko alkatea komunikatu batean, "ondo ari garela esaten digulako".
Udalak paperik gabeko etorkinak ez erroldatzeko hartutako erabakiak "erroldan sen ona sartzeko balio izan du", goraipatu du Vila d''Abadalek.
Viceko alkatearen ahotan, "aipua kentzeko" kanpainen ostean hiriak "izen ona berreskuratu du" eta Europako Batzordearen erantzuna "humanitarioa" izan dela erantsi du.