Gizartea -

Eusko Jaurlaritza

400.000 euro Ipar Euskal Herrian euskara bultzatzeko

EAEko Exekutiboak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) 1.730.000 euroko lankidetza funts bat sortuko dute alde bietako ekarpenekin, euskara sustatzeko egitasmoen artean diru-laguntzak banatzeko.

Patxi Baztarrika eta Mathieu Berge Baionan (Lapurdi). Argazkia: Irekia
Patxi Baztarrika eta Mathieu Berge Baionan (Lapurdi). Argazkia: Irekia
Patxi Baztarrika eta Mathieu Berge Baionan (Lapurdi). Argazkia: Irekia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 400.000 euroko ekarpena egingo du, Ipar Euskal Herrian euskara bultzatzeko. Hala, Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) batera sortutako funtsari lagunduko dio.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Mathieu Berge EEPko presidenteak akordioa sinatu zuten atzo, Baionan (Lapurdi).

Aurten aurrera eraman beharreko egitasmoak zehazten ditu akordioak. Horretarako, bi erakundeek 1.730.000 euroko lankidetza funts bat sortuko dute alde bietako ekarpenekin, euskara sustatzeko proiektuen artean diru-laguntzak banatzeko.

Iazko diru kopuru bera

Jaurlaritzak 400.000 euroko ekarpena egingo du, iaz bezalaxe, Gasteizko Exekutiboak agiri batean jakitera eman duenez.

Funtsak bi partida izango ditu. Lehenengoa 1.380.000 eurokoa izango da, eta Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten duten elkarte nagusiei laguntzeko erabiliko dute.

Gainerako 350.000 euroak eragile pribatuen egitasmo zehatzak laguntzera bideratuko dituzte deialdi publiko baten bitartez.

VI. Inkesta Soziolinguistikoa eta gaitasun agiriak

Bestalde, VI. Inkesta Soziolinguistikoa egiteko lanak hastea adostu dute buruzagiek. Inkesta bost urterik behin egiten da Euskal Herri osoan. Azkena 2011n egin zuten. Ondorioz, aurten berriro egin beharko dute.

Era berean, Ipar Euskal Herrian onesteko gaitasun agiriak zehaztuko ditu akordioak, eta euskararen adierazle sistema bat sortzeko lana areagotuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Eusko Jaurlaritza Iparraldea Baiona Gaurko azken orduko albistea