Gizartea -

Eskandalua

Espainiako Ogasuna 'Panamako paperak' ikertzen ari da

“Zerga Administrazioko Estatu Agentzia informazioa sakon aztertzen ari da jadanik”, Agentziako iturriek azaldu dutenez, eta horretarako “eskura dituen tresna guztiak” erabiltzen ari da.

Cristobal Montoro Ogasun ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Cristobal Montoro Ogasun ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Espainiako Ogasuna 'Panamako paperak' ikertzen ari da

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zerga Administrazioko estatu Agentzia ‘Panamako paperetako’ informazioa aztertzen ari da. Erdialdeko Amerikako herrialdean zabaldutako 1.200 sozietateekin loturiko irregulartasunak bilatzen ari da.

“Zerga Administrazioko Estatu Agentzia informazioa sakon aztertzen ari da jadanik”, Agentziako iturriek azaldu dutenez, eta horretarako “eskura dituen tresna guztiak” erabiltzen ari da.

Konkretuki, 720 ereduarekin aurkeztutako errenta-aitorpenak aztertzen ari dira, eta baita “720aren aurkezleak hirugarrenekin izan ditzakeen loturak ere”.

720 errenta-aitorpena

720 eredua 2013tik dago indarrean, eta atzerriko ondasunen eta eskubideen aitorpen informatibo bat da. Espainiako pertsona fisiko eta juridikoek aurkeztu behar dute 50.000 euroak gainditzen direnean.

Ogasuneko azken datuen arabera, 2015eko urriaren 7an zergapekoek 1.139,5 milioi euro deklaratu zituzten Panaman, 720 ereduaren bidez. Horietatik 976,9 milioi balioak eta eskubideak dira.

Beste 75,2 milioi inbertsio kolektiboen erakundeetako akzioak edo partaidetzak dira; 52,2 milioi banku-kontuak edo kredituak; 34,08 milioi higiezinak eta 0,98 milioi aseguruak eta aldi baterako edo biziarteko errentak.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza, ikertzen

Era berean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ikerbidea hastea erabaki du, ‘Panamako paperak’ ikertzeko.

Mossack-Fonseca bulegoaren bidez ustez egindako diru zuritzea argitu nahi du Javier Zaragozak zuzentzen duen erakundeak.

Gertakariak argitu eta beste delitu batzuk izan badira zehaztu nahi du Fiskaltzak, eta baita arduradunak identifikatu ere.

Bestalde, atzerrian egindako delituak Espainiako epaitegiek ebazteko baldintzak ematen diren jakin nahi du Fiskaltzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Panama