Gizartea -
16 urteko adingabea
Bizkaian egindako bost sexu-erasoengatik Errumanian atxilotu dute
16 urteko adingabea iaz Portugaleten eta Santurtzin ustez egindako sexu-erasoengatik atxilotu dute.
Agentziak | Erredakzioa
16 urteko adingabe bat atxilotu dute Errumanian, iaz Portugaleten eta Santurtzin egindako bost sexu-erasoren egilea izatea egotzita, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Gazteak aurrekariak ditu. Euskadiko adingabeen zentro batean dago orain, epailearen esku eta epaiketaren zain.
Iaz Bizkaian egindako bost sexu-eraso argitu ditu Ertzaintzak ikerketarekin.
Ustezko egilea, 16 urteko adingabe bat, identifikatzea posible egin du ikerketak. Arrastoa Errumaniara arte jarraitu dute. Euroagindu batekin atxilotu dute.
Sexu-erasoak 2015eko urtarrilean, otsailean, martxoan eta azaroan gertatu ziren. Horietako lau Portugaleten egin zituen eta bat Santurtzin.
Egunez eraso egiten zuen
Erasoak egunez egiten zituen kalean. Erasotzaileak emakumeak kalean bertan aukeratzen zituen eta indar fisikoa erabiltzen zuen sexu-erasoa gauzatzeko.
Salaketak Muskizeko polizia-etxeak jaso zituen eta ikerketa abiatu zuen.
Azaroko erasoaren ostean susmagarriaren deskribapen fisiko zehatza lortu zuten. Azkenik, atxiloketa martxoaren 8an egin zuten, Oltenitan (Errumania).
Adingabeen zentroan
Nazioarteko atxiloketen protokoloari jarraituz, adingabea Bilbora ekarri zuten martxoaren 31n. Epaileak adingabeen zentro batera bidali zuen epaiketa egin arte.
Adingabeak aurrekariak ditu, iaz irailean Trapagaranen gertatutako antzeko eraso batengatik. Sestaoko Ertzaintzak atxilotu zuen, baina orduan sexu-erasoekin lotzerik ez zuten izan.