Gizartea -
NAFARROA
Bederatzi lagun atxilotuta Nafarroan, lanerako tresnak lapurtzeagatik
Burlata eta Atarrabia inguruan egin ziren lapurretak, langile autonomoen furgonetetatik. 14 egunean 15 salaketa jaso zituen Espainiako Poliziak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bederatzi lagun atxilotu dituzte Nafarroan, lanerako tresnak lapurtzea egotzita. Langile autonomoen ibilgailuetatik harrapatu zituzten lan-tresnak, leihoetako kristalak apurtuta. Atxilotutako lau lagun espetxean sartu dituzte, lapurreta horietan zuzenean parte hartzea egotzita. Beste bost lagunei lapurtutako materiala gordetzea leporatu diete.
Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak jakitera eman duenez, 100.000 euro inguruko balioa zuten, denera, lapurtutako erremintek. Hamargarren pertsona bat ikertzen ari direla ere esan du Albak, lapurretekin lotura izan dezakeelakoan.
Atxilotutako zortzi lagun errumaniarrak dira, eta bi bulgariarrak.
Martxoaren hasieran jarri zuen martxan operazioa Espainiako Poliziak, 14 egunean 15 salaketa jaso ondoren. Burlata eta Atarrabia inguruan egin ziren lapurretak.
Poliziak zabaldutako informazioaren arabera, gauez egin ziren lapurreta ia guztiak: aparkatuta zeuden ibilgailuetako kristalak apurtu eta barruan gordeta zeuden lan-erremintak lapurtu zituzten.
Poliziek bihurkinak, eskularruak eta xaflak, lapurreta mota horietan erabiltzen ohi diren tresnak, aurkitu zituzten errepide kontrol batean gelditutako ibilgailuan. Ondoren ibilgailu berdina antzeman zuten Burlata inguruan.
Martxoaren 16an, ustezko lapurrak fardel susmagarriekin etxe batetik ateratzen ikusi zituzten poliziek, eta Imarcoaineraino jarraitu ondoren, atxilotu zituzten. Ibilgailuaren erregistroan erreminta ugari aurkitu zituzten, ustez lapurretetan hartutakoak.
Hasiera batean bi lagun horiek atxilotu zituzten eta ondoren beste bi. Beranduago bost lagun gehiago atxilotu izan zituzten.