Gizartea -

Laugarren urteurrena

'Cabacas auzia' epaitzeko 'argudioak' badaude, 'Iñigo Gogoan'en ustez

Horregatik, epaiketarik egiten ez bada "interes faltagatik" izango dela uste du. Larunbaterako elkarretaratzea eta iganderako manifestazioa deitu dute Cabacasen heriotzaren laugarren urteurrenean.

Cabacasen aldeko giza-katea. Argazkia: Efe
Cabacasen aldeko giza-katea.
Cabacasen aldeko giza-katea. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Iñigo Gogoan' plataformak uste du badaudela Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan epaiketa egiteko "argudioak, zantzuak eta datuak", eta ekainean instrukzioa amaitzen denean epaiketa irekitzen ez bada "interes faltagatik" izango dela salatu du.

David Gonzalez eta Oier Amorrortu plataformaren bozeramaileek prentsaurrekoa eman dute Bilbon, Ertzaintzaren pilotakada batek jota hil zen athletikzalearen laugarren urteurreneko ekitaldien berri emateko.

Instrukzioa ekainean amaitzen denez eta Juan Calparsoro EAEko fiskalak "instrukzioa luzatzeko asmorik ez" duela eta, auzia "artxibatzea edo epaiketa egitea" erabaki dezaketela gogorarazi dute. "Instrukzioaren une erabakigarrian gaude, eta ahozko epaiketa izateko nahikoa argudio dagoela uste dugu", azaldu dute.

Horien esanetan, "epaiketarik ez badago interes faltagatik izango da, zantzuak eta datuak badaudelako epaiketa egiteko", bai "bertan zeuden ehunka lagunen kontra tiro egin zuten ertzainen aldetik, tiroak ez direla zehatzak eta edonori eman ziezaioketela onartu zutelako", bai "agindua eman zutenen aldetik".

"Ertzain batek esan zuen bertan ez zela ezer gertatzen ari, egoera kontrolpean zutela, baina 'ugarteko'k ezetz esan zuen, sar zitezela. Horregatik, ardurak daudela uste dugu", adierazi dute.

Laugarren urteurrena

'Iñigo Gogoan' plataformaren bozeramaileek azaldu dute taldearen helburuetako bat "poliziaren ekintza baten ondorioz inor gehiago ez hiltzea dela", Iñigoren heriotza zigorrik gabe ez geratzearen alde egin beharreko lanarekin eta horren memoria zaintzearekin batera.

Athletikzale gaztearen heriotzaren laugarren urteurrenaren harira, plataformak ekitaldiak antolatu ditu senide eta lagunei elkartasuna adierazteko eta gaztearen memoria indartzeko. Larunbatean, hilaren 9an, Iñigo Cabacasek pilotakada jaso zuen lekuan egingo dute elkarretaratzea, Maria Diaz de Haroko kale kantoian; eta 10ean, manifestazioa egingo dute Justizia Jauregitik abiatu eta Maria Diaz de Harora.

Gainera, kultura eta kirol mundutik jaso dituzten atxikimenduen berri emango dute larunbatean.

Bestalde, bihar, asteazkena, Cabacas zenaren lankideek giza-katea egingo dute Bilboko Plaza Biribiletik PSE-EEren egoitzara, "alderdi politiko hori zelako Ertzaintzaren arduraduna Iñigo hil zutenean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urteurrena Iñigo Cabacas Bilboko azken albisteak Zer gertatu da gaur Bizkaian? EAE Albisteak