Gizartea -
Droga trafikoa
Tona bat haxix atzitu dituzte Baionan eta Hendaian, egun baten buruan
600 kilo baino gehiago Baionan konfiskatu zituzten joan zen martxoaren 30ean; biharamunean, Frantziako poliziak substantzia beraren 300 kilo baino gehiago atzitu zituen, kasu horretan Hendaian.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako aduanako agenteek bi ibilgailutan garraiatzen ari ziren ia tona bat haxix atzitu zituzten egun baten buruan, martxoaren 30etik 31ra bitartean, Frantziako hego-mendebaldean.
Frantziako Aduanetako Zuzendaritza nagusiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, droga horrek 5,7 milioi euro balio ditu merkatu beltzean.
Lehendabiziko operazioa martxoaren 30ean egin zuten, Baionako agenteek, eskaner mugikor baten bidez, 600 kilo haxix-erretxina baino gehiago atzeman zituzten, barazkiak zeramatzan kamioi baten barruan sartuta.
Biharamunean Hendaiako aduanazainek, lan horietarako prestatuta dagoen zakur baten laguntzarekin, substantzia beraren beste 300 kilo baino gehiago aurkitu zituzten karabana batean.
2015ean, Frantziako aduana zerbitzuak 88 tona substantzia estupefaziente atzeman zituen, horietatik 63 haxixa izanik.