Gizartea -
Medikuntza
Euskal ikerlariek beste pauso bat eman dute Alzheimerraren kontra
CIC bioGUNEk eta University of Texasek gaixotasunaren eta gaitz prionikoen (proteinen tolestura desegokiei lotuak) arteko elkarrekintza frogatu dute.
Erredakzioa
Euskal Herriko CIC bioGUNEk eta University of Texas Medical School of Houstonek (AEB) Alzheimerraren eta gaitz prionikoen (proteinen tolestura desegokiei lotuak) arteko elkarrekintza frogatu dute.
Journal of Neuroscience aldizkarian argitaratutako ikerketa Joaquin Castillak (CIC bioGUNE) eta Claudio Sotok (University of Texas Medical School of Houston) zuzendu dute.
Ikerketan jakinarazi dute elkarrekintza handia dagoela Alzheimerraren eta gaitz prionikoen artean. Gaitz prionikoak heriotza eragiten duten buruko gaixotasunak dira, degeneratiboak, eta gizakiei eta animaliei jotzen die.
"Gure emaitzetan agerian geratzen da bi gaitzak bizkortzen direla. Alzheimerraren ezaugarri diren plaka amiloideen kopurua nabarmen hazi zen gaizki tolestutako proteinak zituzten arratoietan", adierazi du Joaquin Castillak.
Ikertzaileen arabera, ikerketak garrantzia handia izan dezake proteinen tolestura desegokiarekin zerikusia duten gaixotasunetan.