Gizartea -
Emakunde Sariaren ekitaldia
Berdintasun Plana "lehenbailehen" onartzea espero du lehendakariak
Emakunde Saria Lilaton taldeari eman ostean egin ditu adierazpenak lehendakariak. Emakumearen egunean urtero herri lasterketa antolatzen du Lilatonek Donostian.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Gizonen eta Emakumeen arteko V. Berdintasun Plana "lehenbailehen" onartzea espero du Patxi Lopez lehendakariak. Lopezen ahotan, arlo honetan "esparru berriak bereganatzeko tresna eraginkorra izango da".
2009ko Berdintasun Emakunde Saria Lilaton taldeari eman ostean egin ditu adierazpenak agintariak. Emakumearen egunean urtero herri lasterketa antolatzen du Lilatonek Donostian.
Lasterketako antolatzaileen lana aintzat hartu du epaimahaiak golardoa emateko orduan. Herri lasterketa 1990ean egin zuten aurrenekoz, "emakumeek kiroletan parte hartzeko" eta "bizitza osasuntsua" bultzatzeko. Lilatonek "emakumeen arteko lankidetza areagotzeko" egindako lana goraipatu du epaimahaiak.
Saria eman ostean, lehendakariak hitza hartu du eta Berdintasun Planaren hiru zutabe nagusiak azaldu ditu: "Emakumeek boterea hartzea, antolakuntza sozial berri bat eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borroka".
Tratu txarrak Euskadin "epidemia sorra" direla azaldu du Lopezek, baina "sentsibilizazioan, prebentzioan eta artatzean sakonduz ezaba daiteke".