Gizartea -

Legearen aldaketa

Eusko Jaurlaritzak galarazi egingo du frontoietan erretzea

Publikoari irekita dauden leku itxietan (alor pribatukoak kenduta) tabakoa kontsumitzea debekatu nahi du, baina erretzen utziko du San Mames edo Anoeta bezalako kirol esparru irekietan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Drogamenpekotasun Legearen aldaketarekin, debekatu egingo dute publikoari zuzendutako leku itxietan (alor pribatukoak arautu gabe geratuko dira) erretzea, baina tabakoa kontsumitzeko baimena emango dute kirol esparru handi eta irekietan, Anoetan eta San Mamesen adibidez. Gainera, Gizarte Gaietarako Sailak hartuko du zigorrak ezartzeko ardura etorkizuneko Tabakoaren Legea urratzen denean.

Hala, Drogamenpekotasun Legearen aldaketarekin, tabakoari dagokionez, Jaurlaritzak zigortuko ditu eta kudeatuko ditu arau hauste arinak, larriak eta oso larriak, Lan eta Gizarte Gaietarako Sailak agiri batean zabaldu duenez.

Ikuskapen edo kontrol lana Ertzaintzaren eta lekuan lekuko Udaltzaingoaren esku geratuko da.

"Orain arte, aurreko araudia betetzeko sortu diren arazoak konpontzeko borondate irmoa" agertu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak.

Arau orokor moduan, publikoari zuzendutako leku itxi guztietan debekatuko dute erretzea, baina ez dute alor pribatua arautuko. Teilaturik ez duten kirol esparru handietan, san Mamesen edo Anoetan adibidez, erre ahal izango da.

Alegazioak jaso eta aztertu ostean, Gizarte Gaietarako Sailak Drogamenpekotasunen Aholkularitza Kontseiluari igorriko dio Legea aldatzeko aurreproiektua, bere iritzia eman dezan.

Legebiltzarrak udako oporrak baino lehenago lege proiektua onartzea da helburua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea