Gizartea -

Gizarte politika

Gipuzkoak diru sarrerak bermatzeko laguntza kenduko du 2018ko abenduan

Foru Aldundiak azpimarratu duenez, laguntzak ez du gizarteratzen laguntzen eta, gainera, premia berriak sortzen ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusia. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusia. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusia. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak diru sarrerak bermatzeko laguntzan (DBL) aldaketak egingo ditu eta bertan behera utziko du 2018ko abenduaren 31n, onuradunei ez diela gizarteratzen lagundu iritzita.

Uztailaren 1etik aurrera ezingo da diru sarrerak bermatzeko laguntza eskatu, baina onuradunek laguntzari eutsiko diote eta kargupean haurrak dituzte familiek urte bukaera arteko epea izango dute laguntza eskatzeko, baldin eta 2015eko abenduaren 31an Gipuzkoan erroldatuta bazeuden.

Gaur goizean Imanol Lasa Foru bozeramaileak eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak Donostian eskaini duten prentsaurrekoan diru sarrerak bermatzeko laguntzan (DBL) egingo dituzten aldaketen berri eman dute. Azaldu dutenez, gaur egun 1.400 lagunek jasotzen dute laguntza hori, gehienak, 25 eta 35 urte arteko gizonezkoak. Aldundiaren esanetan, laguntzak ez ditu finkatutako helburuak betetzen eta, beraz, laguntza mantentzea "arduragabea" izango litzateke.

Maite Peñak azpimarratu duenez, Gipuzkoan soilik eskuratu daitekeen diru laguntza horrek "lurralde oreka apurtzen du" eta "dei efektua" eragiten du, Gipuzkoan migrazio isuri artifiziala sortuz. Diru sarrerak bermatzeko laguntza jasotzen dutenen jatorriari erreparatuta, % 9,5 europarrak dira, % 44,8, afrikarrak; % 8,6, amerikarrak eta % 37,6, asiarrak.

Bilduren foru gobernuak ezarri zuen aipaturiko laguntza, Gipuzkoan bizi eta gutxieneko beharrizanak betetzeko diru sarrerarik ez zutenei eta diru sarrerak bermatzeko errenta (DBE) jasotzerik ez zutenei laguntzeko. Diru sarrerak bermatzeko errenta (DBE) eskatzeko beharrezkoa da, gutxienez, hiru urtez erroldatuta egotea eta diru sarrerak bermatzeko laguntza (DBL) jasotzeko, ostera, nahikoa da urtebetez erroldatuta egotea.

Dena den, Peñak azpimarratu du "inor ez dela bazterrean utziko" eta "edonori lagunduko diotela gizarteratzen, betiere norberaren beharrak zein diren kontuan hartuta". Aipaturiko laguntza 2018ko abenduaren 31n jasoko dute azkenekoz onuradunek, Eusko Jaurlaritzaren gutxieneko diru sarrerak bermatzeko laguntzara batu arte.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Gizartea Albisteak