Gizartea -
Europako aireportuak pilatuta
Bidaiari baten testigantza: "Inork ez du erantzukizunik hartzen"
Eneko Belaustegigoitia zornotzarrak ostegunean hartu behar zuen hegaldia Londreseko aireportuan eta etxera itzuli ezinik dago. Informazioa komunikabideen bidez baino ez dutela jasotzen kritikatu du.
Gaizka Palacios
Islandiako sumendiaren erupzioak kaosa ekarri du Europara. 17.000 hegaldi inguru bertan behera geratu dira eta milioi bat lagun baino gehiago aireportuetan, botata.
Eneko Belaustegigoitia kaltetuetako bat da. Joan den asteburuan anaia bisitatzera joan zen Londresera eta orain etxera itzuli ezinik dago. Egoera honen aurrean, eta hondamendi natural baten aurrean aurkitzen garela argudiatuta, "inork" ez duela "erantzukizunik" hartu nahi kritikatu du. "Informazioa komunikabideen bitartez ari gara jasotzen", azpimarratu du.
"Ostegunean, 16:30ean, hartu behar nuen bueltarako hegaldia Heathrowko aireportuan eta bertan behera utzi zuten; gaurko beste hegaldi bat eskaini zidaten, baina hori ere atzeratu egin dute; iganderako beste hegaldi bat hartu du orain", azaldu dio eitb.com-i.
Gazte zornotzarrak zehaztu duenez, Vuelingekin egin du bidaia eta konpainiarekin korreo elektronikoaren bidez izan da harremanetan. "Telefonoz hitz egitea ere lortu dut, baina ordubete baino gehiago behar izan dut; lineak kolapsatuta daude", erantsi du.
Oporraldia amaituta, igande honetan hasi behar zen lanean. "Lantokira deitu behar izan dut gertatutakoaren berri emateko eta beharrera iritsiko ez naizenaren abisua emateko", adierazi du.
Aireportuan botata dagoen galdetuta, anaiaren etxean dagoela esan digu. "Alde horretatik zortea izan dut eta anaiaren etxean nago, baina aireportuan bidaiatu ezinik dagoen jendez gainezka dago", nabarmendu du.