Gizartea -
Bilbo
ETAko kidea zela esan zuen txinatar denda batean osteko
Gizonak paper bat eman zion dendariari. Oharrean, honakoa jartzen zuen: "ETAko kideak gara, zerbait esatekotan edo mugimenduren bat egitekotan tiro bat jasoko duzu buruan. Gorka ETA M" (sic).
Erredakzioa
Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen atzo Bilbon, indarkeria erabiliz egindako lapurreta delitu bat egotzita. Susmagarria gizon txinatar baten saltokira bertaratu zen, Bilbo erdialdean, eta bere burua ETAko kidetzat aurkeztu zuen, kutxa-erregistratzailean zegoen dirua eman ziezaion exijitzeko.
Gertakaria atzo, 15:15ak aldera jazo zen. Ordu horretan, gizon bat txinatar baten saltoki batean sartu zen, eta paper bat eman zion dendako arduradunari. Paper horretan, honakoa jartzen zuen, gaztelaniaz eta ortografia akatsez beteta: "ETAko kideak gara, zerbait esatekotan edo mugimenduren bat egitekotan tiro bat jasoko duzu buruan. Gorka ETA M". (Jatorrizko testua: "Somos mienbros e ETA como digas o agas algun movinieto directamete vas a recivir un tiro en la cabeza. Gorka ETA M."). Oharra ematen zion bitartean, eta dendaria hura irakurtzera zihoanean, susmagarriak argi erakutsi zion biktimari eskua txamarrako poltsiko batean sartuta zuela, pistola bat zeramala aditzera emateko.
Hala ere, ustekabean egoera erabat aldatu zen. Oharrean idatzitakoa ulertzen ez zuenez, dendari txinatarrak alboko saltokiko arduradunari (Marokoko gizon bat) bertaratzeko eskatu zion, oharra ulertzen lagundu ziezaion. Beste merkataria txinatarraren dendara joan zen eta, papera hartu eta testua irakurri zuenenean, bi dendariak susmagarriari begira geratu ziren, zer egin jakin gabe.
Egoeraren aurrean, ustezko lapurrak merkatariak apal batzuen kontra bultzatu zituen eta kutxa-erregistratzailerantz zuzendu zen, dirua hartzeko asmoz. Halere, merkatariek ustezko lapurra geldiarazi eta mendean hartu zuten. Segituan, Ertzaintza ohartarazi zuten.
Dendariek gertakarien berri eman zieten ertzainei. Susmagarria (35 urteko gizon bat) identifikatu zutenean, agenteak ohartu ziren aurreko egunean ere atxilotu izan zutela, merkataritza-gune batean bideo-jokoen kontsola bateko haririk gabeko aginte bat, maskara bat eta ileorde bat osten saiatzeagatik, eta baita agenteen kontrako irain larriak botatzeagatik ere.
Jarraian, ertzainek gizonezkoa atxilotu egin zuten, indarkeria erabiliz egindako lapurretaren delitu bat egotzita.