Gizartea -
Txosten berezia
Nerabeek "drogak lortzeko erraztasuna" kritikatu du Arartekoak
Dokumentuaren arabera, EAEko nerabeek ez dute zailtasunik nahi duten droga eskuratzeko. Horregatik, bai erakundeek eta baita gizarteak ere "erreflexio sakona" egin behar dutela nabarmendu du.
Erredakzioa
Nerabeek "drogak lortzeko" erraztasunaren inguruan "erreflexio sakona" egiteko eskatu die euskal erakundeei Iñigo Lamarca Arartekoak.
Arartekoak nerabeen eta drogen arteko harremana aztertu du txosten berezi batean. Gaur Legebiltzarreko presidenteari, Arantza Quirogari, aurkeztu dizkio datuak.
Dokumentuaren arabera, EAEko nerabeek ez dute zailtasunik nahi duten droga eskuratzeko. Horregatik, bai erakundeek eta baita gizarteak ere "erreflexio sakona" egin behar dutela nabarmendu du.
Zentzu honetan, "koordinazio gehiago" eskatu du Arartekoak, eta drogen "salerosketaren" atzetik ibiltzea.
Bere ustez, "prebentzio lan" egokia egiten dute erakundeek, Hezkuntza sailak, familiek eta elkarteek. Hala ere, arrisku berezian dauden gazteen arteko prebentzioa "gehiago landu" behar dela uste du Lamarcak.
Txostenaren arabera, EAEko ikasleen artean, % 28k erretzen du, nahiz eta erretzaileen ehuneko handienak (% 7,5) egunean zigarro 1etik 5 zigarrora bitarte erretzen dituela esaten duen. Gazteen % 40,5ek alkohola 40 aldiz edo gehiagotan probatu du bere bizitzan zehar.
Azken urtebetean, % 24,8k maiztasun berarekin kontsumitzen jarraitu izan du, eta % 3,4k egunero hartzen du, azken hilabetean alkohola 40 aldiz edo gehiagotan edan duelako.
Bizitzan zehar % 44,5ek probatu du haxixa; azken urtebetean, % 35,5ek, eta azken hilabetean, % 26k. Erretzeko ohitura duten pertsonen artean (azken hilabetean), % 8,2 cannabisaren arriskuko kontsumitzailetzat hartzeko modukoak dira. Legez kontrako drogen artean, kokainak du bigarren postua, eta gero anfetaminak daude.
Hala ere, ikasle gehienek noizbait drogak probatzen dituzten arren (batez ere tabakoa, alkohola eta cannabisa), gehienek ez dute drogak aldizka kontsumitzen jarraitzen denbora aurrera joan ahala.
Txostenaren arabera, gazteek drogei buruzko informazioa aktiboki jaso nahi dute. Nerabeen arabera, kontsumitu nahi duten substantzia lortzeko eragozpenik ez dute izaten.
Horrez gain, drogak kontsumitzen dituen emakumeak ez dituzte begi onez ikusten eta, gehienak, cannabisa legeztatzearen alde daude.