Gizartea -
Indarkeria matxista
10 urteko zigorra, bikotekidearen alaba bortxatzen saiatzeagatik
Gertakariak 2014an jazo ziren, Durangon, biktimaren amaren etxean. Gizonezkoa neskatila bortxatzen ahalegindu zen, bakarrik zeudela baliatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 10 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Durangoko bizilagun bati, bikotekidearen alabari sexu-erasoa egiten saiatzea egotzita.
Espetxe-zigorraz gain, zazpi urte eta sei hilabetetan zaintzapeko askatasuna izango du; neskatilari 10.000 euro ordaindu beharko dizkio, eragindako kalte moralagatik; eta 15 urtetan debekatuta izango du biktimarekin komunikatzea eta 500 metro baino gutxiagora egotea.
Gertakariak 2014ko martxoaren 12an jazo ziren, bikoteak Durangon zuen etxebizitzan. Hirurak elkarrekin bizi ziren.
Ebazpenaren arabera, gizonezkoa 11 urteko umearen logelan sartu zen, eskolako lanak egiten lagunduko ziola esanez. Bakarrik zeudela, neskatoari bultza egin zion, eta besotik indarrez helduta, prakak eta kuleroak jaitsi zizkion; erasotzaileak ere bere prakak kendu zituen eta haurra bortxatzen saiatu zen.
Neskatoak amari kontatu zion gertatutakoa. Epaiketan umeak dena berretsi zuen eta akusatuak aitortu egin zuen leporatutakoa.
Gauzak horrela, adingabe baten kontrako sexu-eraso saiakera delitua egotzita zigortu dute.