Gizartea -

'Celebrity Eclipse'

Ferry bat Bilbora bidean, 2.000 britainiar aberriratzeko

Thomas Cook eta TUI operadoreekin txartelak erosi zituzten Britainia Handiko turistak soilik aberriratuko ditu ontziak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Celebrity Eclipse ferrya Southamptonetik (Ingalaterra) atera da gaur Bilbora bidean, Britainia Handiko 2.000 bat bizilagun aberriratzeko, izan ere, hegazkinen bidez ezin dira bueltatu, Islandiako sumendiak atmosferara jaurtitako errautsak direla-eta.

Ontziak 2.850 bidaiari eraman ditzake eta Celebrity Cruises ontzi-enpresarena da. Thomas Cook eta TUI operadoreekin txartelak erosi zituzten Britainia Handiko turistak bakarrik aberriratuko ditu Celebrity Eclipse-k, Bilboko Portuko Agintaritzak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez.

Britainia Handiko aire eremua erabat itxita dago eta ontzi britainiarrak 300 bidaiari dakartza Bilbora, izan ere, bertako aireportuetan harrapatuta ziren. Britainia Handiko aireko espazioari eragin dio gehien Islandiako sumendiak.

315 metroko luzera duen ontzia Getxora ostegunean, 06:00etan, heltzea espero dute. Ostegunean bertan, 13:00etan, 2.000 turistekin Ingalaterrara abiatzea espero dute.

Islandiako sumendiak iragan ostegunean, apirilaren 15ean, erupzioan hasi zen eta Britainia Handiko herritarrak harrapatuta utzi zituen Espainian. Herritar hauek ontziratzeko erabiliko dituzten portuak momentuz Bilbo eta Santander dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea