Gizartea -
Nafarroak
10 urteko zigorra, emakume bati sexu erasoa egiteagatik
Auzitegiak emandako epaiaren aurkako helegitea aurkeztu daiteke. Halaber, epaileak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio akusatuaren amari. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak 10 urteko kartzela zigorra ezarri dio gizonezko bati, haren bikotekide ohiari sexu erasoa egiteagatik, 3 urtekoa legearen aurkako atxiloketagatik, 11 hilabetekoa kautelazko neurriak urratzeagatik eta 6 hilabetekoa mehatxuengatik.
Gainera, bi urteko kartzela zigorra ezarri dio epaileak akusatuaren amari, legearen kontrako atxiloketa delituagatik. Aldeek epaiaren aurkako helegitea aurkeztu dezakete.
Epaiaren arabera, 2011ko azaroaren 1eko 18:30ak aldera, 29 urteko gizonezkoak haren bikotekide ohiarekin topo egin zuen kalean eta berarekin hitz egiten hasi zen, gizonezkoaren kontra indarrean zegoen urruntze agindua urratuz.
Hurrengo egunean Emakumeenganako Indarkeriaren Auzitegian ahozko epaiketa iragarrita zegoen eta gizonak haren etxera joateko eskatu zion emakumeari. Horrez gain, emakumearen eskuko telefonoa hartu eta mezuak irakurri eta deiak ikusi zituen.
Emakumeak azkenean amore eman zuen eta biak Zangoza kaleko etxebizitza batera joan ziren -bertan zain zituzten gizonezkoaren 55 urteko ama eta beste hainbat senide-.
Gizona eta haren ama emakumea konbentzitzen saiatu ziren harremanarekin jarrai zezan, "ez ziola gehiago joko eta edateari uzteko pastilla batzuk hartzen hasiko zela esanez".
Harrera etxera itzultzen ez zela ikusita, hezitzaile batek Foruzaingora deitu zuen 21:51ean eta 22:00ak aldera foruzainak Zangoza kaleko etxebizitzara bertaratu ziren.
55 urteko akusatuak emakumea armairu batean sartu zuen foruzainak etxean zeuden bitartean eta horiek joan zirenean Lakartxela kaleko beste etxebizitza batera eraman zuten emakumea. Emakumea gela batean giltzapetu zuten eta haren bikotekide ohiak birritan sexu erasoa egin zion.
Sexu erasoaren ondotik, gizonak mehatxu egin zion emakumeari. Hurrengo goizean, gizonezkoa logelatik at zegoela baliatuta, eskuko telefonoa hartu eta kalera atera zen.
_____________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.