Gizartea -

ESNE BANKUA

Esne bankua sortzeko proposamenak 15.000 lagunen babesa lortu du

Jaioberriekin lan egiten dutenek aspaldidanik ikusten dute esne bankuaren beharra. Hori dela eta, 15.000 sinadura aurkeztu dituzte Legebiltzarrean, Osakidetzak esne bankua jar dezan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bart itxi zuten Interneten amagandiko edoskitzearen aldeko sinadurak batzeari eta gaur, kanpainaren arduraduna den María Garcíak, 15.420 sinadura aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean. Helburua, Gurutzetako ospitalean (Bizkaia), Euskadi guztirako zerbitzua eskainiko duen esne bankua sortzea da.

García, klinika ikuskatzailea da Gurutzetako neonatologia sailean eta gaur, Legebiltzarreko Osasun Batzordean esne bankua sortzea eskatu die legebiltzarkideei. Bere ustez, haur goiztiarrentzat, pisu gutxi dutenentzat, gaixoentzat eta adoptatuentzat funtsezkoa da “aukeratutako amen esnearekin” elikatzeko aukera izatea.

Era berean, Munduko Osasunerako Erakundea eta Unicef moduko erakundeek amagandiko edoskitzearen alde esaten dutena azpimarratu du batzarrean. Erakunde hauen arabera, haurren osasuna bermatu eta hobetzeko, beharrezkoa da amagandiko edoskitzea, izan ere, esne hau prebentziozko sendagaia izan daiteke.

Gainera, esne banku hau sortzeak izango lituzkeen abantaila ekonomikoak azpimarratu nahi izan ditu Garcíak. Bere ustez, banku horretara bideratutako euro bakoitzeko, 6 eta 19 euro artean aurreztuko lirateke, haurren ospitale egonaldia 3,9 egunetara mugatuko litzateke eta ondorioz 8.167 euro aurreztuko lirateke, izan ere, ospitalean ingresatutako haur eta egun bakoitzak 2.000 euroko kostua dauka.

Erreakzio politikoak:

Karmen Orbegozo, EAJko legebiltzarkideak esan duenez, inork ez duela amagandiko edoskitzea zalantzan jartzen baina, sakoneko ikerketa bat egon arte zuhurtziaz jokatu behar dela esan du.

Rebeka Ubera, EH Bilduko legebiltzarkideak aldiz, edoskitzea” babestu” egin behar dela eta honen aldeko kontzientziazio kanpainak egin behar direla esan du.

PSEtik, Blanca Ronkalek,banku honek sortuko lituzkeen abantaila ekonomikoak jarri ditu balioan eta Laura Garrido popularrak ere, zentzu berean, alde ekonomiko hau zalantzan jarri ezin dan argumentua dela azpimarratu du. Era berean, gai hau aztertzen ari den Osasun Sailaren atzerapenak salatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Osakidetza berriak Euzko Alderdi Jeltzalea Gizartea albisteak EH Bildu Araba PSE-EE Euskadiko PP bideoak Gaurko azken orduko albistea