Gizartea -
GENERO INDARKERIA
Emakume batek tratu txarren berri eman du semearen eskolako lanetan
Emakumeak papertxo bat sartu zuen semearen testu liburuan bere egoera azalduz. Eskolako tutoreak papera aurkitu eta, poliziari deitu zion.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Benalmadenako (Malaga) emakume batek sufritzen zituen tratu txarren berri eman du, bere semearen eskolako testu liburuan ezkutatutako papertxo batean. Emakumearen senarra atxilotu egin dute eta genero indarkeria delitua egozten diote.
Emakumeak etsita, ez zuen beste aukerarik ikusi eta papertxoa semearen eskolako etxeko lanen artean gorde zuen. Eskolako tutoreak amaren oharra ikusi zuenean, berehala abisatu zion Poliziari.
Eskolako zuzendaritzak, Poliziak hala erabakita, ohiko batzar deialdi batetarako gonbidatu zuten bikotea. Irakasleek emakumearekin bakarrik hitz egitea lortu zuten eta, bere egoeraz galdetu zioten.
Emakumearen senarra bertan atxilotu eta, epailearen esku utzi zuten. Momentu honetan kalean dagoen arren, biktimarekiko urruntze agindu bat ezarri diote eta, gailu elektroniko batekin, gau eta egun, zaintzapean egongo da.
Miguel Briones Gobernuko ordezkariordeak esan duenez, kasu honetan ere, sistemak funtzionatzen duela eta erasotzailea biktimarengatik urrun mantentzea lortu dutela azpimarratu du.
Hala ere, senarra oraindik “ustezko erasotzailea” dela, gaineratu du, epaitegietako ebazpen batek kontrakoa esan arte behintzat.
_____________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.