Gizartea -
Hiritarren Segurtasuna
Donostia, Espainiako bost hiri seguruenen artean
Udaltzaingoaren datuen arabera, 2009an Gipuzkoako hiriburuan egon zen delitu kopurua, Bilbon jazotakoen herena da eta Gasteizen izandakoen erdia.
Erredakzioa
Donostia Espainiako bost hiri seguruenen artean dago, izan ere, 2009an soilik 8.184 eginbide penal egon ziren Gipuzkoako hiriburuan, Enrique Ramos Hiritarren Segurtasun zinegotziak jakinarazi duenez.
Ramosek Udaltzaingoaren 2009ko datuak aurkeztu ditu prentsa aurreko batean, eta datu horien arabera, azken urtean Donostian egon zen delitu kopurua, Bilbon jazotakoen herena da eta Gasteizen izandakoen erdia.
Zinegotziak jakinarazi duenez, arau-hauste penalen % 65 (4.389 guztira) lapurretak izan ziren. Jarraian kotxeekin egindako lapurretak (942), ibilgailuen lapurretak (271) eta indarkeriazko lapurretak (201) daude.
Halaber, iaz 14.000 lagun identifikatu zituzten (egunean 40 baino gehiago) eta 1.281 pertsona atxilotu zituzten, gehienak lapurretak leporatuta.
Udal-ordenantzen eta arauen inguruan, Ramosek esandakoaren arabera, udaltzainek trafikoko 24.937 salaketa jarri zituzten eta gizabide-ordenantzarekin zerikusia duten beste 4.066 salaketa. Horretaz gain, 1.771 kontrol egin zuten udaltzainek.
Enrique Ramosek azpimarratu duenez, Donostia oso hiri segurua da, baina "horrek ez du esan nahi beste ezbeharrik gertatuko ez denik".