Gizartea -
GARRAIOAK GIPUZKOAN
Donostiako autobus geltokiak hiru linea berri izango ditu
Azkoitia eta Donostia elkartzen dituen UK01 lineak autobuseko geltokian sartuko dIRa. Donostia eta Zumaia lotzen dituzten UK09 eta UK10 bideak, ordea, kanpoko nasatik helduko dira geltokira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako autobus geltokiak Lurraldebuseko hiru linea berri gehituko ditu bere instalazioetara maiatzaren 14tik aurrera. UK01 linea (Azkoitia-Donostia) geltokian sartuko da, eta UK9 eta UK10 lineak egiten dituzten autobusek (Zumaia-Donostia) geltokiaren kanpoko nasa erabiliko dute.
Marisol Garmendia Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuko diputatuak eman duen foru aginduarekin, Lurraldebusen linea batzuek Donostiara egiten dituzten ibilbideak aldatu beharko dituzte.
Honela, maiatzaren 14tik aurrera, Azkoitia eta Donostia lotzen dituen UK01 linea autobus geltokian sartuko da. Bestetik, Zumaia eta Donostia lotzen dituzten UK09 eta UK10 lineak kanpoko nasara helduko dira.
Autobusen terminaletik atera ondoren, linea guztiek geldialdia egingo dute Askatasunaren hiribidean, bidaiariak hartzeko, Donostiatik irteteko egiten duten ohiko ibilbidearen barruan. Garmendiak azpimarratu duenez, “linea horiek berrantolatuta konpondu egin nahi dira Askatasunaren hiribideko trafikoan eta mugikortasunean sortu diren eragozpenak, linea horien Donostiako azken geldialdiarekin”.
Akordioa itunarekin
Marisol Garmendiak gogorarazi duenez, otsailaren 6an martxan jarri zen Donostiako azpiegitura berri honek “Lurraldebuseko ibilbideak eta geltokiak aldatzea behar zuen”, autobusen terminalaren funtzionamendura egokitzeko.
Horregatik, Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak izandako bileretan adostutakoaren arabera, Donostiako ibilbideetan aldaketa osagarriak izango dira. “Espero dugu Donostiako Udalarekin batera egindako lanak konpondu egingo dituela Askatasunaren hiribideko mugikortasun arazoak”, adierazi du Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.