Gizartea -
Presondegia
Mecoko zuzendaritza kargugabetuta, presoei abusuak egitea egotzita
Ikerketa abiatu dute preso dauden emakumeekin, mesedeen truke, sexu-harremanak izan ote dituzten jakiteko, Europa Press albiste-agentziaren arabera.
Erredakzioa
Espainiako Espetxeetako Zuzendaritzak kargugabetu egin ditu Madrilgo Alcala Meco kartzelako zuzendaritzako kideak eta funtzionario bat "portaera onartezinak" leporatuta. Emakumezko presoekin, mesedeen truke, sexu harremanak izan ote dituzten ikertzen ari dira, Europa Press albiste-agentziak jakinarazi duenez.
Hala ere, ez omen dago zantzurik sexu-harremanak droga lortzeko izaten zituztela esateko, izan ere, kasu horretan epaile baten esku geratuko litzateke gertatutakoa argitzea.
Mercedes Gallizo buru duen Espetxeetako Zuzendaritzak esan du ikerketa abiarazi dutela ardurak argitzeko eta "portaera onartezinak" noraino heldu diren jakiteko. Horren harira, aipatu iturriek ziurtatu dute erabat moztu dituztela jarrera horiek eta azpimarratu dute ez diela 600 emakumezko presoren ardura duten funtzionario "guztiei eragiten".
Kartzelako zuzendaria, segurtasun azpizuzendaria eta administratzailea kargugabetu ondoren, inspektore bat jarri dute kartzelaren arduradun.
Espainiako Gobernua
Madrilgo espetxean gertatutakoa Estatuko Fiskaltza Nagusiaren eskuetan utzi du Espainiako Gobernuak, ikerketa bat zabal dezan, Maria Teresa Fernandez de la Vega Exekutiboko presidenteordeak Ministroen Kontseilua amaitu ostean, prentsaurrekoan, jakinarazi duenez.
Oposizioa
Mercedes Gallizo Espainiako Espetxeetako zuzendari nagusiak Kongresuan agerraldia egitea eskatuko du PPk, Madril I kartzelan gertatutakoa azal dezan.