Gizartea -

Gaixotasun arraroak

'Eguzki-umeen' kasu bitxia

Pakistango bi anaiek bizimodu arrunta daramate egun argiz, baina eguzkia ezkutatzean, geldituta geratzen dira.

Gaixotasun arraroak jota dagoen anaietako bat. EFE
Gaixotasun arraroak jota dagoen anaietako bat. EFE
Gaixotasun arraroak jota dagoen anaietako bat. EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguzki-loreen antzera. Eguzki izpien "babespean" bizimodu arrunta egiten dute Shoaid Ahmed eta Abdul Rasheed Pakistango anaiek (9 eta 13 urte, hurrenez hurren), eguzkia ezkutatzean, ordea, geldituta geratzen dira, gorputza mugitu ezinda. Gaixotasun arraro eta berri hau ikertzen ari dira Pakistango medikuak.

Jaiotzetik dute gaixotasuna bi umeek, eta gaua den bitartean, ezin dute ez jan, ez edan, ezta mugitu ere. Mian Kundin herrian (Pakistan hegoaldea) bizi dira, eta han "eguzki-umeak" bezala ezagutzen dituzte.

"Jaiotzetik daude gaixo. Eguzkia ezkutatzean, geldituta geratzen dira. Espero dut laster gauez ere ibiltzeko modua izatea", esan dio Mohamed Hashim bi umeen aitak kasua ezagutzera joandako EFE albiste agentziako kazetariari.

Hashimek sei seme-alaba ditu: Hiru gaitzak jota daude (hirugarren anaiak urtebete baino ez du); beste seme batek eta bi alabek ez dute, ordea, gaixotasunik. Bikotearen beste bi seme jaio eta gutxira hil ziren.

Abdul anaia zaharrenak bi urte zituenean ospitalera eraman zuen aitak, baina han ez zioten gaitzari osabiderik topatu. Beste erietxe batera eramateko diru nahikorik ez zuela eta, horretan utzi zuen gizonak auzia.

Erronka medikuentzat

Kasuak hedabideetan izandako harrabotsa Pakistango Zientzia Medikuen Institutuko medikuen belarrietara heldu zen, eta bi umeen kasua ikertzeko prest agertu ziren. Maiatzean eraman zituzten bi anaiak ospitalera, eta han dituzte, proba ezberdinak egiten.

"Erronka itzela da guretzat. Ez dugu gaixotasuna ulertzen. 300 bat proba egin ondoren jakin duzunez, neurotransmisoreak ematen badizkiegu euren egoera hobetu egiten da", azaldu du Javed Akram Institutuko medikuak.

Guztira, 27 profesional ari dira Shoaid Ahmed eta Abdul Rasheed anaien kasua ikertzen. Nazioarteko 13 osasun erakunderi egindako probak bidali dizkiete, laguntza eske. Lehen zantzuen arabera, gaixotasun genetikoa da, gizonezkoei bakarrik eragiten diena, eta gurasoen odolkidetasunarekin zerikusia duena (lehengusu-lehengusinak dira).

Euren semeen gaueko bizi-kalitatea hobetzea nahiko luke Hashim aitak, baina beldur da tratamendu egokia jasotzeko atzerrira eraman beharko ote dituzten. "Ez dugu dirurik. Beste herrialde batera eraman behar badituzte, ezingo gara haiekin joan", aitortu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Medikuntza albisteak Asia Pakistan gaur