Gizartea -
Urteurrena
Gernikako bonbardaketa: 73 urte gogoan
Herritarrek Kondor Legio naziaren bonbek hildakoak omenduko dituzte berriro. 16:30ean lore eskaintza egingo dute Zalloko hilerrian.
Erredakzioa
Hirurogeita hamahiru urteren ostean, herritarrek Gernikako bonbardaketa-n hildako 300 pertsonak omenduko dituzte gaur. Egun hartan, gaur bezala, astelehena zen, hau da, merkatu eguna foru herrian.
Gaur egun Gernika bakearen ikurra da, eta egun hartako sufrimendua gogorarazten duten hainbat monumentu ditu bere kaleetan, hala nola hilerriaren mausoleoa, taberna baten komunak (hainbat gernikar hara joan ziren babes bila), George Steer kazetariaren busto bat eta Picassoren Guernica artelanaren erreplika bat.
Arratsaldean, 16:30ean, Kondor Legio naziaren bonbek hildakoen aldeko ohiko lore eskaintza egingo dute Zalloko hilerrian. Besteak beste, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramalea eta Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea izango dira bertan.
Gauez, 21:00etan, manifestazio isila egingo dute, kandelak eskuan.
Gainera, Bakearen Museoan ''Maria bonbardatua'' irudia aurkeztuko dute.
Bakearen sariak
Gernikako bonbardaketa oroitzeko ekitaldiak atzo hasi ziren, Bakearen eta Adiskidetzearen Sariak banatuta.
Aurten, Jose Antonio Aguirre lehendakaria eta Mayors of Peace (Bakearen aldeko Alkateak) nazioarteko elkartea saritu dituzte.
Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak azaldu duenez, Aguirrek "erbestean demokraziaren eta herrien askatasunaren alde egin zuen lana" aintzatetsi nahi izan dute, haren heriotzaren 50. urteurrena betetzen den honetan.
Halaber, Mayors of Peace erakundea "arma nuklearrak abolitzeko xedez nazioarteko programa sustatzeagatik, gosearen eta pobreziaren aurka egindako lanagatik eta ingurumenaren eta errefuxiatuen arazoak ere hizpide hartzeagatik" saritu dute.
Vicente Ferrer Fundazioa ere aintzatetsi dute, 40 urtez Indiako behartsuenen alde egindako lanagatik.