Gizartea -
Vaticanoa
Emakumeek ezkontzak eta bataioak ospatzea aztertuko du Aita Santuak
Aita Santuak emakumezkoen diakonotza iraunkorraren inguruko batzordea osatzeko konpromisoa hartu du, emakumeei, besteak beste, ezkontzak eta bataioak ospatzeko baimena emango dieten aztertzeko.
agentziak | erredakzioa
Emakumezkoen diakonotza iraunkorrari buruz galdetu diote lekaimeek Frantzisko aita santuari, erlijio-ordena guztietako ama nagusiak biltzen dituen Ama Nagusien Nazioarteko Bilkuran, Vatikanoan. Ildo horretan, antzinako emakume diakonoen zeregina argi ez dagoela esan die Aita Santuak, eta gaia argitzeko asmoz, emakumezkoaren diakonotza iraunkorraren inguruko "ikerketa batzordea" osatzeko konpromisoa hartu du Frantziskok, Vatikanoko irratiak zabaldu duenez.
Bestalde, emakumeek mezako homilia emateko aukerari buruz galdetu diote lekaimeek, eta Aita Santuak erantzun die hitzen liturgia eta liturgia eukaristikoan predikatzea bereizi behar direla.
Elizaren barruan emakumeek erabakiak hartzen diren tokietan izan behar duten presentziaz galdetuta, emakumeek Elizan erantzukizun handiagoa izan behar dutela esan du Frantziskok.