Gizartea -

Hainbat pertsonak tirokatuta

Taxilari bat hil egin dute Salamancan

Taxilariek lanuztea egingo dute asteazken honetan Estatu osoan, lankidearen hiletak irauten duen bitartean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Taxilari bat tiroz hil dute gaur goizaldean Salamancako auzo txiro batean, ikerketaren iturriek EFEri azaldu diotenez.

Tiroketa 01:00etan jazo da. Ordu horretan, hainbat pertsonak tirokatu egin dute, baina aipatu iturriek uste dute balitekeela balek taxian zeraman bezeroa izatea helburu.

Antza denez, taxia Lasalle etorbidera heldu denean, haren atzean beste ibilgailu bat gelditu da, eta barruan zihoazen lau pertsonek tiro egin diote taxiari.

Horren ostean, tiroen egileek eta taxian zihoan bezeroak ihes egin dute.

Anbulantzia batek ospitalera eraman du taxilaria, baina hil egin da handik eta gutxira.

Salamancako Poliziak ez du baztertzen gertatutakoa tiroen egileen eta taxiaren bezeroaren arteko kontu-garbiketa izatea.

Taxilariek lanuztea bihar

Hori horrela, taxilariek lanuztea egingo dute bihar, asteazkenean, hildako lankidearen alde.

Jose Luis Funes Autopatroien Elkarte Libreen Batasun Nazionaleko (UNALT) presidenteak azaldu duenez, lanuzteak hiletak irauten duen bitartean egingo dute, hau da, 30 minutu eta ordu bete artekoa izango da.

"Joan den astean, beste lankide bat hil zen arma zuriz Arriondasen (Asturias), eta oraingoan beste kasu bat gertatu da Salamancan. UNALTetik konpromiso handiagoa eskatzen dugu segurtasunaren sektorean", esan du Funesek.

Bere hitzetan, euren sektorea indarkeriak eragindako heriotza gehien dituen bigarrena da, Segurtasun Indarrenaren atzetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea