Gizartea -
Euskalduna Jauregia
Garmendia:"Europak zientziaren aldeko apustua egin behar du"
Zientzia eta Berrikuntza ministroa eta Patxi Lopez lehendakaria Euskalduna Jauregian egiten ari diren 'Berrikuntzaren erronkak Europan' izeneko jardunaldietan izan dira.
Erredakzioa
Cristina Garmendia Zientzia eta Berrikuntza ministroak nabarmendu duenez, "Europak ezingo dio egungo lidergoari eutsi eta ezin izango du nazioarteko Kontzertuan duen tokia hobetu, zientzia eta informazio gehiagoren aldeko apustua egiten ez badu".
Hausnarketa hau ''Berrikuntzaren erronkak Europan'' izeneko jardunaldietan egin ditu, Bilboko Euskalduna Jauregian. Topaketa honetako ondorioak maiatzaren 25ean eta 26an aztertuko dituzte Lehiakortasunaren Kontseiluan.
Garmendiak esan duenez, "ezagutzaren ekonomia jada ez da aukera, etorkizunari begira daukagun irteera jasangarri bakarra da". Horrenbestez, gogora ekarri du Europan I+G gastuak ez direla hazi eta ''Europar Batasuna - 2020'' estrategiak izango duen garrantzia azpimarratu du, izan ere, "berrikuntzaren bidez lehiakortasuna eta lanpostuak sortzea bultzatuko du".
Bestalde, Patxi Lopez lehendakariak ere nabarmendu ''EB-2020'' estrategiaren garrantzia eta "ezagutzaren eta berrikuntzaren bidean" Euskadi atzean ezin daitekeela geratu adierazi du: "Euskadik Europako abentura honetan parte hartu behar du".
Bere esanetan, globalizazioaren ondorioz "eskema zaharrek" jada ez dute baliorik eta, ondorioz, "ibilbide berri bati eman behar zaio hasiera", aberastasuna eta enplegua sortzeko helburu nagusiak mantentzeaz gain, "ongizatea eta bizi kalitatea sortzeko".
Gauzak horrela, Patxi Lopezek esan du Euskadik "Europa indartsuago bat eta Euskadi oparoago bat" nahi duela. Horretarako berrikuntza eta ezagutza "ezinbestekotzat" jo ditu: "Ezagutza eta berrikuntza hartu behar dira oinarritzat elkartasunezko etorkizun jasangarria eraikitzeko".