Gizartea -
Gertaera
Sutea izan da Bilbo erdiguneko eraikin bateko garajeetan
Mazarredo etorbideko 12. zenbakian bizi diren auzotarrak beren etxeetatik atera ezinda egon arren arratsalde partean, azkenean bizilekuetatik aterarazi dituzte.
Agentziak | Erredakzio
Kea handia eragin duen sutea gertatu da gaur arratsaldean Bilboko Mazarredo etorbideko 12. zenbakiko eraikineko garajeetan. Sutea dela-eta hasiera batean beren etxeetatik ez ateratzeko agindu diete auzotarrei, baina gerora etxebizitzetatik aterarazi dituzte.
Sutearen eraginez, ke handia sortu da, eta horrek jazoeraren aldameneko kaleetan zirkulazioa eten behar izan da, Segurtasun Sailak jakinarazi duenaren arabera.
Gertaeraren lekura suhiltzaileak, anbulantziak, Udaltzaingoa eta Ertzaintza gerturatu dira. Sua eraikinaren -5. solairuan piztu da, eta haren eraginez lau ibilgailu erre dira. Azkenik, 21:30ak aldera lortu dute kontrolatzea, nahiz eta trafiko mozketek bere horretan jarraitzen zuten.
Bilboko Suhiltzaileek plazaratutako informazioen arabera, ez da zauriturik izan; alabaina, bi pertsona Basurtuko ospitalera eraman dituzte badaezpada.