Gizartea -
Trenbidea
Bilbo eta Castro trenez lotzea aztertuko du Eusko Jaurlaritzak
Azterketa lizitazio fasean dago jadanik eta 300.000 euroko aurrekontua du. Azterketa egiteko epea 10 hilabetekoa izango da.
Erredakzioa
''Alternatiba eta Bideragarritasun Azterketa'' egiteko agindua eman dio Euskal Trenbide Sareari (ETS) Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, Bilbo eta Castro Udiales (Kantabria) trenez lotzea aztertzeko.
Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailak jakinarazi duenez, dagoeneko azterketa lizitazio fasean dago, 300.000 euroko aurrekontua du eta egiteko epea 10 hilabetekoa da. Gutxi barru, eskaintzak aurkezteko baldintzak EBAOn, BOEn eta EHAAn argitaratuko dituzte.
Castro Urdiales eta Bilbo lotzeko aukerak teknikoki aztertu nahi ditu egitasmoak, egun diren lineak aprobetxatuz.
Castro-Bilbo lotura egiteko alternatibak definitzeko helburua du azterketak, eta guztiak alderatzea, Garraio Sailak azaldu duenez.
Azken urteetan Bilbo eta Castro arteko joan-etorriak areagotu egin dira, batez ere lanera joateko. Joan-etorri horiek gehienbat ibilgailu pribatuan egiten dituzte, errepidetik.
Auto-pilaketa
Azken urteetan Castro Urdiales-Bilbo trenbidea sortzeko ekimen ezberdinak izan direla gogorarazi du Jaurlaritzak, auto-pilaketa arintzeko eta bidai denbora txikitzeko.
Ekimen gehienek lineak berriro zabaltzea (Castro-Traslaviña) edo meatzaldeko zenbait trenbide berreskuratzea proposatzen dute.
Horregatik, azterketa hori egitea "oso komenigarria" dela uste du Eusko Jaurlaritzak eta Kantabriako Gobernua jakinaren gainean jarri du, etorkizunean Bizkaiko zein Kantabriako herritarrei zerbitzu on bat emateko aukerak aztertzeko.