Gizartea -

Rafael Bengoak esan duenez

Gizonen erdiek eta emakumeen herenak minbizia izango dute

Aztarain onkologia eta hematologia pabilioi birgaitua inauguratu du lehendakariak. 8,3 milioi euro bideratu dituzte pabilioia konpontzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Basurtu Ospitaleak Aztarain Pabilioi birgaitua inauguratu du gaur; bertan, Onkologia, Hematologia eta Mina tratatzeko unitatea biltzen dira. 8,3 milioi euro bideratu dituzte konponketa egiteko.

Patxi Lopez lehendakaria, Rafael Bengoa Osasun sailburua eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea izan dira Aztarain pabilioiaren inaugurazioan. Orain arte Basurtuko beste pabilioi batzuetan banatuak zeuden zerbitzuak biltzen ditu pabilioi berriak; horrek erosotasuna emango die gaixoei, izan ere, toki berean diagnostikoa eta tratamendua izango dute, Ospitaletik zehar ibili beharrean.

Ildo horretan, onkologia zerbitzu berriaren garrantzia azpimarratu du Bengoak; izan ere, "gizonen erdiek eta emakumeen heren batek minbizia izango dute bere bizitzaren uneren batean", Bengoaren hitzetan.

Berrikuntzarekin 1.000 metro karratu gehiago eman dizkiote pabilioiari. Hori horrela, egunez erabiltzeko 44 besaulki, 8 ohe, medikamentuak prestatzeko toki bat, Mina tratatzeko unitate bat, 12 kontsulta eta beste 40 ohe gehiago dauzka orain Aztarainek.

Osakidetzaren aurreikuspenen arabera, urtean 1.350 gaixo hartuko ditu pabilioiak; 19.000 kontsulta egingo dituzte eta 18.000 prozedura Eguneko Ospitalean.

Sistemaren erreforma

Egoera ekonomikoak Osakidetzaren gain eraginik ez duela izango esan du lehendakariak bere hitzaldian; izan ere, Patxi Lopezen hitzetan, Gobernuak aurrekontuen "heren bat baino gehiago" Osasun zerbitzuari bideratzen dio eta konpromiso hau aurrera jarraituko du "krisi egoeratan ere".

Gainera, EAEko osasun sistemaren "mailakako erreforma sakona" babestu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea