Gizartea -
Osasuna
'Orpoa proba'ren bidez atzemandako gaixotasun kopurua igo du Nafarroak
Orain arte, bi gaixotasun atzematen zituen, baina maiatzaren 15az geroztik, zazpi hautematen ditu.
EITB.EUS
Maiatzaren 15etik aurrera Nafarroan jaiotako haurrei zazpi gaixotasun atzematen dituen "orpoaren proba" egiten ari zaie. Orain arte, bi eritasun hautemateko balio zuen probak, baina hilabete honetatik aurrera, azterketaren estaldura handitzea erabaki du foru gobernuak.
Jaioberriengan sortzetiko gaixotasun metabolikoak prebenitzeko programa zabaldu du, horrenbestez, Uxue Barkosek zuzentzen duen gobernuak. Asmoa gaixotasun hauekin lotutako erikortasuna, heriotza-tasa eta desgaitasunak murriztea da, baita gaixotasun horiek jota dauden lagunen bizi-kalitatea hobetzea ere.
Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilariak gobernu saioaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, maiatzaren 15era arte, bi gaixotasun bakarrik hautematen zituen 'orpoaren probak': sortzetiko hipotiroidismoa eta fenilzetonuria. Aurrerantzean, honakoak ere atzemango ditu: fibrosi kistikoa, I motako aziduria glutarikoa, zelula faltziformeen anemia, kate ertaineko AzilCoA deshidrogenasaren urritasuna (MCAD), eta kate luzeko Acil CoA deshidrogenasaren urritasuna LCHAD).
Gaixotasunok larriak dira, baina oso ume gutxik edukitzen dituzte (eritasun arraroak dira, Nafarroan 6-8 egoten dira urtero). Garaiz tratatzen badira, gutxitu edo saihestu egiten dira gaixotasun horiek izan ditzakete ondorio larriak.
Bost gaixotasun hauek atzemateko baliabideak jarrita, Estatuko legediari egokitu da Nafarroa.
Nafarroan jaiotako ume guztiei doan egiten zaien proba da orpoarena. Jaio eta 48 ordura, orpotik odola ateratzen zaio umetxoari, eta analisi erraz bati esker, aipatutako gaixotasuna atzeman daitezke.