Gizartea -
Heriotza
Miguel de la Quadra-Salcedo hil da
Madrilen jaio bazen ere, nafartzat eduki du bere burua abenturazale eta Ruta Quetzalen sortzaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Miguel de la Quadra-Salcedo abenturazale eta atleta ezaguna hil da gaur, Madrilen, 84 urte zituela, Rodrigo de la Quadra-Salcedo semeak jakinarazi duenez.
Gaixo ibilitakoa azken hilabeteetan, bere osasunak txarrera egin zuen Gabonetan. Gaur 06:00ak inguruan zendu da, semea eta emaztea ondoan zituela.
Miguel de la Quadra-Salcedo y Gayarre (Madril, 1932ko apirilak 30) kazetari eta kirolari amorratua izan zen. Abentura maite zuen, eta 'Aventura 92' saioaren (Ruta Quetzal izena hartu zuen gero) sortzaile eta bultzatzaile nagusia izan zen. Jaiotzez madrildarra bazen ere, nafartzat zuen bere burua De la Quadra-Salcedok. Izan ere, lau urte zituela, Iruñera bizitzen etorri zen bere familiarekin.
Abenturazale sutsua bazen ere, Nafarroako mendiak aipatzen zituen munduko txokorik gustukoena zein zen galdetzen ziotenean.
Hain justu, Nafarroaren izena nazioartean hedatzeko egindako lanarengatik, Karlos III.a Noblearen Gurutzea eman zion foru gobernuak 2009an.
'Todos los apellidos vascos' ETB2ko saioak atal bat eskaini zion De la Quadra-Salcedori.
Ingeniaria, kazetaria, atleta eta, batez ere... abenturazalea
Nekazaritzako Ingeniaritzan lizentziaduna, 1961etik 1963ra, Kolonbiako Gobernuarentzat etnobotaniko lanetan ibili zen Amazonas ibaiaren oihanean.
1963an itzuli zen handik, eta orduantxe kontratatu zuen TVE Espainiako Telebistak berriemaile moduan. Kongoko Errepublika Demokratikoko krisia jarraitu zuen lehen lan gisa, eta muturrera eraman zuen auzia, 300 presoren fusilatzea grabatzeagatik heriotza-zigorra ezarri baitzioten.
Vietnamgo gerraren eta Txileko estatu kolpearen lekuko ere izan zen. Horrez gain, 20. mendeko pertsonaia ezagun asko elkarrizketatu zituen, hala nola, Dalai Lama, Salvador Allende, Indira Gandhi eta Pablo Neruda.
De la Quadra-Salcedo, artxiboko irudi batean. EFE
70eko hamarkadan, kazetaritza mundutik abenturaren mundura egin zuen jauzia. Izan ere, gehienok Quetzat ibilbidearekin lotzen dugu De la Quadra-Salcedo. Ez da gutxiagorako. Bera izan zen horren sortzaile eta bultzatzaile nagusia. Hasiera batean, 1979an, 'Aventura 92' izena hartu zuen proiektu kulturalak; gerora, Quetzal Ibilbidea izan zen, eta, 'BBVA Ibilbidea' gaur egun. Honi esker, Estatuko eta Portugalgo 10.000 gaztek Hego Amerikako parajeak ezagutu dituzte azken 30 urteetan.
Atleta ere izan zen De la Quadra-Salcedo. Real Madrilen atletismo ataleko kide, bederatzi aldiz izan zen Espainiako txapeldun (sei aldiz, diskoarekin; birritan pisu-jaurtiketan, eta behin, mailu-jaurtiketan). 1960ko Erromako Olinpiar Jokoetan ere aritu zen.