Gizartea -
Bi gizon eta emakume bat
Arbizuko hegazkin-istripuan hildako hiru lagunak frantsesak ziren
Antza denez, Coimbratik (Portugal) abiatu ziren eta Akizera (Frantzia) zihoazen. Gauean beste gorpu bat topatu dute eta hildakoak hiru dira dagoeneko.
Agentziak | Erredakzioa
Arbizuko erdigunean erori zen hegazkin txikian hil diren hiru pertsonak frantziarrak ziren, bi gizon eta emakume bat, lehen ikerketen arabera. Dirudienez, Coimbratik (Portugal) abiatu ziren eta Akizera (Frantzia) zihoazen.
Gauean beste gorpu bat topatu dute, eta atzo arratsaldean gertatu zen istripuan hildakoak hiru dira dagoeneko.
Erortzean hegazkinak ez zuen herritarrik zauritu, baina batzuen nerbio-krisiak artatu behar izan zituzten larrialdi zerbitzuek, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Guardia Zibila ezbeharraren arrazoiak ikertzen ari da, baina lekuko baten arabera, hegazkinak putre baten aurka talka egin zuen eta Arbizuko etxeen artean erori zen orube batera, herriko haurtzaindegitik gertu. Istripuaren berri 18:10 aldera eman zuten.
Altsasuko eta Cordovillako suhiltzaileak, Nafarroako Gobernuaren helikoptero bat, Foruzaingoaren bi patruila, eskualdeko guardiako talde medikoa eta anbulantzia bat bertaratu ziren, baina larrialdi zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin; izan ere, hegazkin txikiko bidaiariak berehala hil ziren eta hegazkina txikituta geratu zen.
Biktimen gorpuzkiak Nafarroako Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman dituzte, autopsiak egiteko.
Hegazkinak putre baten aurka talka egin zuela esan du Nafarroako Gobernuak
Hegazkin txikia altitude araudia urratzen ari zela esateko “informaziorik ez” dagoela adierazi du Maria Jose Beaumont Nafarroako Barne kontseilariak. “Putre batekin talka egin eta erori zela azpimarratu dute lekukoek”, esan du Beaumontek.
Ezbeharra sumario-sekretupean dagoela azaldu die kontseilariak kazetariei.
Istripua gertatu eta suhiltzaileetako zuzendariarekin harremanetan jarri zela azaldu du Beaumontek, ezbeharraren tokira “berehala” joanda zelako. Gainera, Camen Alba Espainiako Gobernuko ordezkariarekin ere hitz egin zuen kontseilariak.
Gainera, “pilotuaren trebetasunaren inguruan zalantza txikiak” daudela esan du Beaumontek, “baina hegazkinak orube baten lurra jotzea lortu zuen, bi etxeren artean, edo kasualitatea izan zen”. “Hori jakiterik ez dago, pilotua hil egin delako”, gaineratu du. “Zorionez ez da inor zauritu herrian”, erantsi du.