Gizartea -

Eguraldia

Euriagatik abisu horia ezarri dute EAEn, arratsaldetik aurrera

Bero-hodeiak sortuko dira eguerditik aurrera, eta ekaitza eta txingorra espero dira. Igandean, tenperaturak nabarmen egingo du behera (10 bat gradu).

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak euriagatik abisu horia ezarri du Euskal Autonomia Erkidegoan larunbat eguerditik aurrera. Izan ere, zaparrada mardulak espero dira arratsaldean, eta zenbait lekutan metro koadroko 15 litro pila daitezke.

Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ohar batean adierazi duenez, 15:00etatik gauerdira egongo da indarrean abisua.

Larunbatean beroa izango da protagonista, eta zenbait puntutan 30 ºC-ak gainditu litezke. Iragarpenaren arabera, Gasteizen 26 graduko maximoak izango dituzte, eta Bilbon eta Donostian, 27 eta 28, hurrenez hurren.

Eguerditik aurrera, bero-hodeiak sortuko dira, eta zaparradak eta ekaitzak nagusituko dira denean. Txingorra ere bota dezake.

Haizeak hegotik joko du, gogor, batez ere mendi inguruetan. Arratsaldean, ipar-ekialdera aldatuko da haizea.

Igandean oso bestelako eguraldia izango dugu. Zerua oso hodeitsu egongo da, eta euria egingo du. Arratsaldetik aurrera, prezipitazioak gutxituz joango dira; Nafarroan ekaitz arriskua egongo da, dena den. Kostaldean, mendebaldetik joko du haizeak, eta gainerakoan, ipar-mendebaldetik.

Termometroek nabarmen egingo dute behera, Kantauri Isurialdean 10 ºC-ko tenperatura aldea izan daiteke larunbatekoekin konparatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Bilbao Albisteak