Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Atxilotu bat Bilbon bikotekidea kable batekin itotzen saiatzeagatik
Eztabaida baten ostean, atxilotuak bikotekidea jo zuen eta kable elektriko batez itotzen saiatu omen zen. Halaber, erasoa jasan zuen emakumeari mehatxu eta lesio falta bat leporatu zioten.
Erredakzioa
Ertzaintzak 43 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo gauean Bizkaiko hiriburuan, genero indarkeriaren ustezko delitu bat egotzita.
Eztabaida baten ostean, atxilotuak bikotekidea jo zuen eta kable elektriko batez itotzen saiatu omen zen. Emakumezkoari mehatxu eta lesio falta bat egin izana leporatu zioten. Gertakariak atzo, 22:00ak aldera jazo ziren Bilbon. Ordu horretan, emakumezko bat Ertzaintzarekin harremanetan jarri zen telefonoz, eta bere etxebizitzara (Bilbo erdialdean) agenteak bidaltzeko eskatu zuen, erasoak jasaten ari baitzen.
Ertzainek deitzailearekin hitz egin zuten etxeko sarreran. Emakumearen esanetan, eztabaida baten ostean gizonezkoak eraso egin zion eta, gainera, kable elektriko batez bera itotzen saiatu zen.
Agenteek emakumezkoak gorriune arin bat zuela lepoan baieztatu zuten. Ertzainak etxe barruan sartu ziren eta ustezko erasotzaileari (43 urte) aitorpena hartu zioten.
Gizonezkoak jakinarazi zienenez, telefono dei bat zela-eta eztabaida bat izan zuen bikotekidearekin, eta, ondoren, emakumezkoak eskuan eraso egin eta telebistaren urrutiko agintea bota ziola gorputzera; horrez gain, gizonak salatu zuen emakumeak artazi batzuk sorbaldan jarri zizkiola, mehatxu egiteko.
Ustezko erasotzailearen esanetan, hori ikusita emakumezkoa lurrera bota zuen bultzada batez eta telefono kable bat jarri zion lepoan, itotzeko keinua eginez.
Gertakaria baieztatu ostean, agenteek gizonezkoa atxilotu egin zuten genero indarkeriaren ustezko delitu bat egotzita, bikotekideari eraso egiteagatik. Halaber, erasoa jasan zuen emakumeari mehatxu eta lesio falta bat leporatu zioten.