Gizartea -
Asmaren Nazioarteko Eguna
Asma duten pertsonen % 52ri ez diete eritasuna diagnostikatu
Asma gaixoen % 95ek bizitza normala eraman dezakete, botikak behar bezala hartzen badituzte.
Erredakzioa
Estatuan, asma duten pertsonen % 52ri ez diete eritasuna diagnostikatu oraindik, eta % 47k ez dute gaixotasuna behar bezala kontrolatzen. EAEn, biztanleriaren ia % 4k asma du.
Asmaren Nazioarteko Eguna (bihar izango da) dela-eta Gurutzetako Ospitalean egindako prentsaurrekoan, munduan 300 milioi lagunek gaixotasuna dutela gogorarazi dute Juan Galdiziturri eta Victor Bustamante medikuek.
Esan bezala, gaixoen % 52ri ez diete eritasuna diagnostikatu, horietatik % 26k sintomak dituzte, baina ez dute tratamendurik jasotzen, eta % 90ek sintomak izatea normala dela uste dute.
Hala ere, asma gaixoen % 95ek bizitza normala eraman dezakete, botikak behar bezala hartuta.
Medikuek azaldu dutenez, paziente askok ez dituzte hartualdiak errespetatzen, batez ere gazteek, nahiz eta erabilerak eraso akutuen agerpena saihestu.
Espainian urtero 1.500 milioiko kostua du asmak (gaixo bakoitzeko 1.500), tuberkulosiak eta hiesak batera suposatzen duten gastua.
Gainera, bi medikuek azaldu dutenez, asma gaixoen kopuruak gora egingo du datozen urteetan, mendebaldean dugun bizitzeko era dela-eta. 2025ean munduan 400 milioi asmatiko izatea espero dute.